Euskadiko Adikzioen Erakunde arteko Koordinazio Batzordea abian

Euskadiko Adikzioen Erakunde arteko Koordinazio Batzordearen eraketa bilera
OSASUN SAILA
Actualizado: miércoles, 5 abril 2017 11:03

GASTEIZ, 5 (EUROPA PRESS)

Euskadiko Adikzioen Erakunde arteko Koordinazio Batzordea eratzeko bilera egin da asteazken honetan Gasteizen, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua buru zela. Batzordean parte hartuko dute Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek eta udalek. Aurrerantzean, euskal administrazio publikoak koordinatzeko, elkarlanean jarduteko eta parte hartzeko organo nagusia izango da, betiere Euskadiko Adikzioen eta Droga Mendetasunen Arreta Integralari buruzko Legea aplikatzearen ondoriozko jardunetan. Duela urtebete aho batez onartu zuen Eusko Legebiltzarrak lege hori.

Legearen VI. Tituluan aurreikusten den Erakunde arteko Batzordearen sorreraren ondorioz, soilik Jaurlaritzako sailek osatzen zuten Sail arteko Batzordea desagertuko da, eta, Jaurlaritzarekin batera, foro berrian foru aldundiek eta udalek ere parte hartuko dute.

Horrela, asteazken honetako bilerara bertaratu dira, eraginpean dauden Jaurlaritzako sailez gain (Lehendakaritza, Enplegua eta Gizarte Politikak, Hezkuntza, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoa, Kultura eta Hizkuntza Politika, Segurtasuna eta Lana eta Justizia), Gipuzkoako Gizarte Politiketako diputatu Maite Peña, Arabako Gizarte Zerbitzuetako foru zuzendari Miren Saratxaga, Bizkaiko Aldundiko Gizarte Inklusioko zuzendari Oscar Seco, Leioako alkate Mª Carmen Urbieta (Eudel ordezkatuz) eta Euskadiko udaletako ordezkariak, hiru hiriburuetako ordezkariak tartean.

Batzordea Euskadiko Adikzioen eta Droga Mendekotasunen Arreta Integralari buruzko Legea onartu eta lehen urtearen bezperan eratu da. Ildo horretan, Darponek nabarmendu du gaur egun indarrean jarraitzen dutela arau hori eragin zuten arrazoiek eta legearen helburuak, hau da, "banako bizi ohituretan aldaketak sustatzea, euskal gizartean pertsonen osasuna hobetzeko". Tabakoari dagokionez, alegia, gertakari gehien eragiten duen arloari erreparatuta, lehenbiziko urtebetean, 300 salaketa baino gehiago egon dira; Tabakoaren aurkako Legea indarrean sartu zenetik (2011tik) hona, berriz, milatik gora.

Darponek adierazi duenez, Euskadik eta bertako administrazioek osasunaren eta ongizatearen aldeko apustu irmoa egin dute, eta Euskadiko 2013-2020 Osasun Planean gauzatu da apustu hori. "Duela urtebete beste aurrerapauso bat eman genuen, batez ere adingabeen babesari dagokionez. Bagenekien oso errotuta dauden erabileren eta ohituren alorrean sartzen ginela eta ez zitzaigula bide erraza izango, baina, pertsonen osasuna jokoan dagoenean, ezin dira ohitura horiek lehenetsi, oso errotuta badaude ere, ezta merkataritza interesak ere. Arauak eta, zehazki, lege hori lagungarriak izan daitezke, eta izan behar dute, euskal herritarren osasuna hobetzeko eta Euskadi osasuntsuagoa eraikitzeko, eta ziur nago hala izango direla", azaldu du.

"GILTZARRIA"

Erakunde arteko Batzordearen zeregina "giltzarria" izango da, adikzioen inguruko jarduna gai guztiz zeharkakoa delako, osasunean ez ezik, beste arlo batzuetan ere eragina baitu, hala nola hezkuntzan, kulturan, gazterian, kirolean, gizarteratzean, politika komunitarioan, lan osasunean, etxebizitzan, ingurumenean, segurtasunean, justizia-administrazioan, espetxeetan, publizitatean eta hedabideetan.

Hori dela eta, koordinazioa eta parte hartzea bideratuko duten tresnak "funtsezkoak" izango dira aurrera egin dezaten adikzioen arloan inplikatuta dauden agenteen funtzionamendu koordinatuak, bateratuak eta eraginkorrak.

Euskadik ibilbide luzea du adikzioen eta drogamendekotasunen aurkako borrokan. Lehen ekimenak 1980ko hamarkadan jarri ziren abian, orduan sortzen ari zen drogen kontsumoaren arazoari erantzuteko. Orduz geroztik, eta hiru hamarkadetan zehar, Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek, beste erakunde eta elkarte batzuekin koordinatuta, arlo horretako plangintza eta araudia garatu dute eta errealitate berriei erantzun diete.

Gainera, erakundeek, sailek, eragileek eta eraginpean dauden administrazioaren zenbait arlok gai konplexu horren arloko koordinazioa sendotzeko egitura eta foro formalak ezarri dituzte.

1982an drogamendekotasunen arloko lehen jarduketa plana aurkeztu zenetik, eta, bereziki, 1987tik aurrera, EAEn guztira drogamendekotasunen edo adikzioen arloko sei plan garatu dira, baita udal edo foru plan ugari ere. Gaur egun, EAEko 45 toki erakundek ditu adikzioen prebentzio komunitarioko teknikariak edota adikzioen arloko tokiko planen bat. Hortaz, 1.700.000 euskal herritarrek baino gehiagok dituzte prebentzio zerbitzu horiek eskura.