Euskadiko Biodibertsitate Zentroak Gema Arrugaetaren argazkien erakusketa bat ireki du

Euskadiko Biodibertsitate Zentroa-Madariaga Dorretxea
EUSKADIKO BIODIBERTSITATE ZENTROA
Actualizado: martes, 6 septiembre 2011 13:43

BILBO, 6 Sep. (EUROPA PRESS) -

Busturiako (Bizkaia) Madariaga Dorretxean dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroak Gema Arrugaetak eginiko argazkien erakusketa zabaldu du gaur, "Euskadiko Parke Naturalak" izenburupean. 30 argazki baino gehiago biltzen dituen erakusketa honekin, egileak natura hurbilena ezagutzera gonbidatzen du, "amaigabeko ñabarduren irudiekin, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako parke naturalen argi eta kolorekin jolastuz", zentroko arduradunek adierazi dutenez.

Aldi baterako erakusketa honek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) parke naturalen "mugagabeko edertasuna" erakusten du: Gorbeia, Urkiola, Izki, Valderejo, Aralar, Pagoeta eta Aiako Harria. Era berean, babestutako natura-gune hauen paisaien eta espezieen aniztasuna hobeto ezagutzeko baliabide izan nahi du. Erakusketa abenduaren 4a arte egongo da ikusgai, dohainik.

Gema Arrugaeta argazkilari profesionala da, natura, bidaiak eta nekazaritza munduko gaietan aditua. Freelance argazkilari bezala esperientzia handia dauka eta hainbat argazki eta ikusentzunezko agerkarien egilea da, erakunde publiko eta pribatuek argitaratuak, agentzia eta argitaletxe ezberdinekin ere elkar lan eginez. Halaber, TVE-ko "Al Filo de lo Imposible" saioan kolaborazio lanetan ibili da.

Euskadiko Biodibertsitate Zentroa-Madariaga Dorretxea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren menpeko Ihobe Ingurumen Jarduketarako sozietate publikoak kudeatzen du. Ihobek EAEko eragile guztiak mugiaraztea eta ingurumena eta pertsonen bizi kalitatea etengabe hobetzeko lan egitea du xede, betiere Eusko Jaurlaritzaren planekin, zuzentarauekin eta garapen iraunkorraren irizpideekin bat etorriz.