Euskadiko BPG %1,2 jaitsi zen 2012an eta ia 23.000 lanpostu galdu ziren

Actualizado: miércoles, 13 febrero 2013 10:53

BILBO, 13 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordina (BPG) %1,2 jaitsi zen 2012. urtean. Halaber, enplegua %2,5 murriztu zen, ia 23.000 lanpostu garbi galdu ondoren, Eustatek landutako datuen arabera.

Aztertutako lau adar handietako hirutan murriztu zen jarduera-maila iaz. Eraikuntzan nabarmena izan zen murrizketa, %6,3koa, eta Industrian ere, 2011ko bilakaera positiboa izan bazen ere, berriz ere jaitsiera izan zen, %2,4koa balio erantsian; neurri handi batean manufaktura-industriaren pisuari zor zitzaion jaitsiera, %2,1 murriztu baitzen.

Zerbitzuetan %0,3ko jaitsiera izan zen jarduera-mailan, Merkataritza, Ostalaritza eta Garraio sektorearen bilakaera negatiboaren (%1,1) eta Herri-administrazioa, Hezkuntza eta Osasunaren beherakadaren (2011ko %3,9ko hazkundetik 2012ko %0,0ra) ondorioz. Gainerako zerbitzuak oso apalki (%0,1) hazi ziren.

Zerga garbien eragina produktuen gainean negatiboa (%0,3) izan zen 2012an zehar. Barne eskaria %2,2 murriztu zen, eta BPG %1,2 jaitsi zenez urte artean, 2012ko kanpo-saldoaren ekarpena positiboa izan zen.

Etxeguneetako Azken Kontsumoko Gastua murriztu egin zen (%-1,0), baita Herri-administrazioarena (%-2,1) ere. Guztira, Azken Kontsumoa %1,2 murriztu zen. Kapital Eraketa Gordinak eskariaren profil negatiboena erakutsi zuen, bi osagaien bilakaera negatiboa izan baitzen, eta 2012an %5,4 jaitsi zen.

Enpleguaren bilakaera, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan neurturik, negatiboa izan zen, eta 2012ko jaitsiera estimatua %2,5 izan zen, ia 23.000 lanpostu garbi galduz. Enpleguaren galera sektore guztietan eman zen: apalagoa Lehen Sektorean (%-0,1) eta Zerbitzuetan (%-0,8) eta handiagoa Eraikuntzan (%-11,8) eta Industrian (%-4,3).

LAUGARREN HIRUHILEKOA

Bestalde, BPG %1,7 murriztu zen urte artean joan den urteko laugarren hiruhilekoan Euskadin, eta aurreko hiruhilekoaren aldean, %0,5 murriztu zen laugarren honetan, hiruhilekoen arteko bosgarren hazkunde negatiboa izanik jarraian.

Lehen sektoreak bilakaera positiboa izan zuen, bai urte artean (%8,4), bai hiruhileko artean (%31,0). Industrian, bosgarren hiruhilekoz jarraian, jaitsiera izan zen urte artean (%-3,1), bai eta hiruhileko artean ere (%-1,9), seigarren hiruhilekoz jarraian.

Eraikuntza gehixeago murriztu zen urte artean iazko azken hiruhilekoan (%-6,3). Aurreko hiruhilekoaren aldean, sektoreko balio erantsian %0,3ko hazkunde apala izan zen, aurreko hiru hiruhilekoetan hiruhilekoen arteko jaitsiera aipagarriak izan ondoren.

Zerbitzuen jarduera globalean urte arteko %0,9ko jaitsiera izan zen, 2012ko hirugarrenean baino hiru hamarren gehiago; 2012ko lau hiruhilekoetan jarduerak etengabe egin zuen behera. Hiruhilekoen artean %0,6koa izan zen jaitsiera, hiruhilekoen arteko bigarren jaitsiera jarraitua izanik.

Urte artean zerbitzuetako jarduera-jaitsierarik aipagarriena Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioan izan zen (%-2,0), eta ondoren Herri-administrazioa, Hezkuntza, Osasuna eta Gizarte zerbitzuak adarrean (%-1,9). Gainerako zerbitzuetan bakarrik, non besteren artean jarduera profesionalak, finantzetakoak eta aseguruetakoak dauden, positiboa izan zen urte arteko tasa (%0,3).

Hiruhileko artean jaitsierarik handiena Herri-administrazioa, Hezkuntza, Osasuna eta Gizarte zerbitzuak adarrean izan zen, %3,4ko murrizketarekin. Hiruhilekoen artean Gainerako zerbitzuetan bakarrik izan zen hazkundea (%0,7).

Sektore-agregatuen joerak balio erantsiaren urte arteko bilakaera negatiboak ekarri zituen, %1,8koa urte artean eta %0,6koa hiruhileko artean. 2012ko hiruhileko guztietan negatiboak izan ziren tasak, bai urte artean, bai hiruhileko artean, eta gero eta handiagoak urteak aurrera egin ahala.

KONTSUMOA

Etxeguneen azken kontsumoko gastuan (Kontsumo pribatuan), aurreko hiruhilekoetan bezala, desazelerazioa izan zen, areagotua, %1,6ko murrizketa izanik aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Jaitsiera hau aurreko hiruhilekokoa (%-0,9) baino zazpi hamarren handiagoa izan zen, eta hiruhileko artean jaitsiera %0,9koa izan zen.

Herri-administrazioen azken kontsumoko gastuan (Kontsumo publikoan) seigarren hiruhilekoz jarraian negatiboa izan zen urte artekoa (%-1,6), eta hiruhilekoen artean ere jaitsiera izan zen, %0,7koa.

Kontsumo pribatuaren zein Kontsumo publikoaren urte arteko aldakuntza-tasa negatiboek %1,6ko murrizketa ekarri zuten Azken kontsumoko gastuan (Etxeguneen azken kontsumoko gastua gehi Herri administrazioen azken kontsumoko gastua). Aurreko hiruhilekoaren aldean ere jaitsiera izan zen (%-0,8).

Kapital eraketa gordinean (Inbertsioan) jaitsiera izan zen berriz urte artean (%-5,5), gehixeago aurreko hiruhilekoan (%-4,9) baino. Hiruhilekoen artean ere jaitsiera izan zen, %2,8koa. Kapital Eraketa Gordinaren bi osagaietan, ekipo-ondasunetan eta eraikuntzan, tasak negatiboak izan ziren, bai urte artean, bai hiruhileko artean.

Barne eskaria (Azken Kontsumoko Gastuak eta Kapital Eraketa Gordinak osatzen dutena), areago murriztu zen urteko laugarren hiruhilekoan. Urte artean %2,5eko jaitsiera izan zen iazko azken hiruhilekoan (jarraian, bosgarren balio negatiboa).

Kanpo sektoreak BPGri eginiko ekarpena positiboa izan zen, baina kanpo-merkataritzaren murrizketa nabarmena ikusi zen. Kanpo saldoaren ekarpen positibo berri hau osatu zuten esportazioen urte arteko %9,6ko jaitsierak eta inportazioen %10,2ko jaitsierak. Hiruhileko artean esportazioak %4,6 jaitsi ziren, eta inportazioak %5,5.

ENPLEGUA

BPGren jaitsierak, urte artekoak zein hiruhileko artekoak, behera eragin zion enplegu-mailari, Dedikazio Osoko Baliokidetzako Lanpostuetan neurturik. Horrela, urte artean enplegua %3,1 jaitsi zen, eta hiruhileko artean %1,0.

Enplegua galdu zen, bai urte artean, bai hiruhileko artean, eta lau sektore handietan. Industrian areagotu egin zen urte arteko jaitsiera-erritmoa (%-5,3), 2011ko hiruhileko beraren aldean. Hiruhileko artean, %1,3ko jaitsiera izan zen.

Eraikuntzan enpleguaren jokaera Industrian izandakoaren tankerakoa izan zen, baina jaitsierak areagokoak izan ziren. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean lanpostu-galera %10,9koa izan zen, eta hirugarren hiruhilekoaren aldean %3,2koa. Zerbitzuetan urte arteko eta jarraiko bosgarren jaitsiera izan zen (%-1,4), eta hiruhileko artean ere jaitsiera izan zen, %0,6koa. Lehen sektorean ere enplegua jaitsi zen, bai urte artean (%-4,8), bai hiruhileko artean (%-6,6).

Lurraldeetako BPGri begiratuz gero, urte artean Arabak izan zuen jaitsierarik handiena, %1,9koa, eta ondoren Gipuzkoak (%1,8ko galera) eta Bizkaiak (%1,6koa). Hiruhileko artean, Araban %0,5eko jaitsiera izan zen, Gipuzkoan %0,7koa eta Bizkaian %0,4koa.