Euskadiko Filmategiak antolatutako Alex de la Iglesiaren atzera begirakoa Donostiara helduko da bihar

Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarra
Tornasol Films
Actualizado: lunes, 7 noviembre 2011 18:44

DONOSTIA, 7 Nov. (EUROPA PRESS) -

Euskadiko Filmategiak antolatu duen Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarrari buruzko lehenengo atzera begirakoa Donostiara helduko da bihar, azaroaren 8an. Emanaldia 20:00etatik aurrera izango da, Antzoki Zaharrean, Euskadiko Filmategiko iturriek jakinarazi dutenez.

Gipuzkoako hiriburuan Donostia Kulturaren laguntzarekin egingo den zuzendari bilbotarrari buruzko zikloa hasteko, "Mamá" (Pablo Berger, 1989) eta "Amor Impasible" (Iñaki Arteta, 1992) film laburrak eta "Todo por la pasta" (Enrique Urbizu, 1991) film luzea proiektatuko dira. Lan horietan guztietan, zuzendari artistiko lanak burutu zituen Alex de la Iglesiak.

Biharko emanaldia, Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek eta Donostia Kulturako zinema sailaren buru den Josemi Beltranek aurkeztuko dute. Saio bakoitzeko sarrerak lau euro balio du eta ziklo osorako bonuak, berriz, 30 euro.

Gasteizen izan dira ziklo honetako lehen emanaldiak, azaroaren 2, 3 eta 7an. Donostian izan ondoren, zinemagile bilbotarrari buruzko atzera begirakoak Bilbon izango da azaroaren 15ean eta Baionan azaroaren 18an.

Alex de la Iglesiari buruzko atzera begirako zikloak 13 saio izango ditu, non zuzendari bilbotarrak egindako lan ia guztiak ikusi ahal izango diren, film luzeetatik hasi eta telebistarako egindako serietara edo tv movietara iritsi arte. Horrez gain, azaroaren 30ean bere azken pelikula den "La chispa de la vida" filmaren aurreestreinaldia egingo da Bilbon.

Atzera begirako zikloaz gain, Euskadiko Filmategiak Jesus Angulok eta Antonio Santamarinak idatzitako "Alex de la Iglesia. La pasión de rodar" liburua aurkeztuko da abenduan. Erakundeak euskal zuzendariei buruz argitaratutako beste monografia bat izango da; liburuaren egileek lau egunetan zehar Alex de la Iglesiarekin izandako elkarrizketa luze bat izango du liburuak oinarri gisa.