BILBO 24 May. (EUROPA PRESS) -
Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartuko duten86 gazteak Barriako (Araba) aterpetxean elkartuko dira asteburu honetan, eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua beraiekin bilduko da larunbatean, maiatzaren 25ean. Gazteok Amerika, Afrika eta Asiako herrialdeetan garatuko diren lankidetza proiektuetan egingo dute lan uda honetan, hiru hilabetez, Jaurlaritzatik gogoratu dutenez.
Gazteek orientabidea jasotzeko antolatutako jardunaldietan parte hartuko dute asteburuan, eta helmuga dituzten herrialdeen egoerari buruzko informazioa jasoko dute. Lankidetzan jardun duten beste gazte batzuren esperientziak ere ezagutuko dituzte, eta helmugako herrialdean lanean ari diren Gobernuz Kanpoko Erakundeekin (GKE) lehen harremana izango dute. Horrez gain, Barriako egonaldian jakingo dute gazteek lankidetzarako zein herrialde egokitu zaion bakoitzari.
2013ko edizioan, 553 parte-hartze eskaera jaso ditu programak, eta horietatik 86 aukeratu dira. Hautatuek 44 proiektutan egingo dute lan, 55 GKE-k garatutakoak. Aurtengo deialdiak 100 plaza aurreikusten zituen, baina ez dira denak bete, GGKEek ez baitute horretarako adina proiektu aurkeztu. Programaren aurrekontuak ez du murrizketarik izan, eta aurten ere 250.000 euroko kopuruari eutsi dio.
Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa 1993an jaio zen, garapen bidean dauden herrialdeetan boluntariotza lana egin nahi duten 20 eta 30 urte biartarteko gazteei zuzenduta. Bere helburu nagusia da gazteen artean elkartasunaren balioa sustatzea, lankidetza proiektuak nola gauzatzen diren bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainita. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Garapenerako Lankidetzaren Eskal Agentziak elkarrekin antolatzen dute programa hau.