Euskadiko Ikasleen Orkestra Txikiak bi kontzertu emango ditu datorren astean, Gasteizen eta Donostian

Contador
EIO Txikia 2017an
EUSKO JAURLARITZA
Publicado 2018/02/09 18:25:18CET

BILBO, 9 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskadiko Ikasleen Orkestra Txikia (EIO) osatzen duten 110 musikari gazteek inauterietako bi kontzertu eskainiko dituzte datorren astean, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan eta Donostiako Musikeneren Auditoriumean. Raffaela Acellaren zuzendaritzapean, 10 eta 13 urte bitarteko musikari gazteok mozorroturik joko dute kontzertuetan, "Harry Potter", "Karibeko piratak" eta "Oihaneko liburua" filmetako pertsonaien mozorroekin.

Datorren asteko kontzertuak prestatzeko, EIOko neska-mutilek egonaldia egingo dute asteburuan Bilbon, Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioan. Goiz eta arratsaldeko saioetan, larunbatean zein igandez, errepertorioa prestatu eta entseatuko dute. Lo lekua Bilbao Hostel aterpetxean izango dute.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, Gasteizko kontzertua astelehenean izango da, otsailaren 12an, eta Donostiakoa, asteartean, hilaren 13an. Bi saioak 19.00etan hasiko dira, eta A. Vivaldiren "Concerto for strings RV 121", L. V. Beethovenen Bederatzigarren Sinfoniaren laugarren mugimendua eta Edvard Griegen "Peer Gynt Suite" piezak, eta "Pirates of the Caribbean Suite", "Harry Potter Highlights", "I Wan'na Be Like You" (Oihaneko liburua) eta "Star Wars" soinu bandak interpretatuko dituzte musikari gazteek.