Euskadiko IKTen sektoreak 2.099 enpresa zituen 2009an, 23.051 langilerekin

IKTek euskal BPGren %3,1 eragin zuten 2009an
OPENCAGE.INFO/CC
Actualizado: jueves, 29 septiembre 2011 12:02

BILBO, 29 Sep. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) sektorean 2.099 enpresa eta 23.051 landun zeuden 2009. urtean, eta horrela, EAEko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %3,1 eragin zuen. Sektoreko enpresek eta horietan lan egiten duten pertsonek EAE osoaren %1,2 eta %2,3 izan ziren, hurrenez hurren, Eustaten datuen arabera.

Gainera, sektore honek 4.096,4 milioi euroko negozio-kopurua lortu zuen eta balio erantsiari dagokionez 1.836,8 milioi euroko aberastasuna sortu zuen 2009. urtean.

IKTen sektorean, enpresen %8,5ek I+G zereginak egin zituen 2009an, eta portzentaje hori beste sektore batzuetan emandakoa (%0,9) baino "askoz handiagoa da". Horrez gain, sektoreak enpresa guztien %1,2 bakarrik hartu arren, enpresen %11,4 I+Gn zebilen eta 83 milioi eurorekin enpresa guztien I+Gko barne gastu osoaren %8,5 egin zuen.

2009. urtean, 1.423 pertsonek egin zuten lan sektore honetako I+Gn, dedikazio osoko baliokidetzan, hots, sektore guztietan arlo horretan lan egiten duten langileen %11,4; langile horietako 374 emakumezkoak izan ziren. Enplegu mota honetan sakontzean ateratzen da sektore honetan 652 ikertzaile izan zirela dedikazio osoko baliokidetzan lanean, eta horietako 172 emakumezkoak.

Berrikuntzari helduta, eta I+Gn gertatu bezala, "alde handiak" eman ziren sektore guztien eta IKTen sektoreen artean. 2009an, IKTen sektoreko establezimenduen %16,8 berritzaileak izan ziren, eta bestalde, sektore guztien %14,6 izan ziren berritzaileak. Enpresaren tamaina kontuan hartuta, hamar langile eta gehiagoko enpresetan %47,8 izan ziren berritzaileak IKT sektorean eta %29,8 sektore guztietan.

IKTen sektoreko establezimenduek 204,4 milioi euroko gastua egin zuten berrikuntzan, hau da, enpresa guztiek egindako gastuaren %7,4. Gastu horren barruan, 182,7 milioi euro hamar langile eta gehiagoko establezimenduek egin zuten, hots, tamaina horretako enpresek gastatu zuten kopuru osoaren %8,2.

Berrikuntzan eta I+Gn egindako gastua negozio-kopuruarekin alderatuz gero (berrikuntzan eta barneko I+Gn emandako intentsitatearen ratioak), argi geratzen da IKTen sektoreak beste sektoreek baino baliabide gehiago bideratu zituela I+G+b arlora.

ERABILERA

IKTen erabilera "oso zabalduta" dago sektore honetako enpresetan. Alabaina, eta beste sektore batzuetan baino garapen handiagoa izan arren, merkataritza elektronikoak oraindik ez du ezarpen handirik, batez ere salmentei dagokienez. Establezimenduen %50,7k bide hori erabili zuen erosteko eta %11,0k saltzeko, baina beste sektoreetan datu hauek %13,8 eta %3,4 izan ziren, hurrenez hurren.

Bestalde, IKTen sektoreak ondasunen kanpoko merkataritzan ez zuen oihartzun handirik izan. Esportazio guztiak 14.945 milioi eurokoak izan ziren eta sektore honenak 183 milioikoak; inportazioak, aldiz, guztira 12.294 milioi eurokoak izan ziren eta sektore honek egindakoak 340 milioikoak.

Esportazio-inportazio trukeetan honako produktu hauek izan ziren ohikoenak: esportazioetan osagai elektronikoak (%49,6), eta inportazioetan telekomunikazioetako ekipoak (%25,5), IKT-ko beste produktu batzuk (%24,3) eta osagai elektronikoak (%22,4).

Azkenik, EAEko IKTen sektorean 2009an zeuden hamar langile eta gehiagoko enpresen datuak Espainiako datuekin alderatuz gero, aztertu diren adierazleetan ezberdintasunak izan ziren. Euskadin altuagoak ziren enpresa berritzaileen eta berrikuntza intentsitatea zuten enpresen portzentajeak; merkataritza elektronikoari dagokionez, aldiz, Espainian eman ziren ehuneko handienak. IKTen teknologien erabileran oso antzeko ehunekoak atera ziren.