Euskadiko industriaren jarduerak %7,7ko murrizketa izan du 2012an

Industriak behera egin zuen 2012an
Europa Press
Actualizado: miércoles, 6 febrero 2013 13:15

BILBO, 6 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Industriaren Produkzioaren Indizearen balantzean %7,7ko murrizketa metatua izan da 2012. urtean, bi urtez tasa positiboak izan ondoren, Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak landutako datuen arabera.

Urteko metatuan, aztertutako industriaren sektore handi guztietan izan dira jaitsierak. Horrela, Bitarteko ondasunak %8,6 eta Ekipo ondasunak %7,8 jaitsi dira; Energia %5,9 murriztu da eta Kontsumo-ondasunak, oro har, %5,6; azken horien baitan, Kontsumo-ondasun iraunkorrak %7,9 jaitsi dira, eta ez-iraunkorrak %5,0.

Halaber, 2012. urteko aldakuntza metatuak negatiboak izan dira EAEko hiru lurraldeetan. Zehazkiago, Bizkaian %8,5eko murrizketa izan da, Gipuzkoan %7,3koa eta Araban %6,8koa.

Bestalde, joan den abenduan %8,1 murriztu zen Euskadiko industriaren produkzioa lan-egutegiko baldintza homogeneoetan, 2011ko hil beraren aldean. Azaroarekin alderatuta, eta urtaro-eraginak zuzenduta, indizea %0,9 igo zen.

Sektoreei dagokienez, 2012ko abenduko indizearen bilakaerak aldeak izan zituen, 2011koaren aldean. Energia %15,5 igo zen, baina beste sektore guztietako indizeetan jaitsierak izan ziren: Ekipo-ondasunetan %15,8ekoa, Bitarteko ondasunetan %8,4koa eta Kontsumo-ondasunetan %10,9koa; azken horien barruan, Kontsumo-ondasun iraunkorrak %17,6 jaitsi ziren eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrak %9,2.

Halaber, abenduko hil arteko aldakuntza -azaroaren aldean-, bestelakoa izan zen industria-talde handietan. Bitarteko ondasunak %1,7 igo ziren, eta Ekipoko ondasunak %0,5, baina Energia %3,1 jaitsi zen eta Kontsumoko ondasunetan ez zen aldaketarik izan (%0,0); azken horien baitan, Kontsumo iraunkorreko ondasunetan %0,8ko jaitsiera izan zen, eta iraunkorrekoak %0,3ko igoera.

Bestalde, euskal industriaren pisurik handieneko sektoreetan, Makineria eta ekipoan bakarrik izan zen igoera (%2,0) joan den urteko abenduan, aurreko urteko hil beraren aldean. Kontrakoan, jaitsierengatik nabarmendu ziren Garraio materiala (%-38,5) eta Kautxu eta plastikoak (%-14,8).

Lurraldeetan, Industriaren Produkzioaren Indizearen abenduko urte arteko bilakaera negatiboa izan zen hiruretan: Araban %-16,7, Bizkaian %-1,8 eta Gipuzkoan %-9,2. Hil artekoa, aldiz, positiboa izan zen Bizkaian (%3,0) eta Gipuzkoan (%1,1), baina negatiboa Araban (%-3,1).