Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak 70 milioi euro bideratuko ditu gizarte-ekonomiako enpresak finantzatzera

Actualizado: jueves, 31 enero 2013 13:59

BILBO, 31 Ene. (EUROPA PRESS) -

Erkide Euskadiko Lan Elkarteen, Irakaskuntza eta Kreditu Kooperatiben Federazioko presidente Juan Mari Conchak eta Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxako enpresa-arloko zuzendari Josu Arraizak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute ostegun honetan, gizarte-ekonomiako enpresen finantzaketa eta sorrera errazteko helburuarekin. Horrela, finantza-erakundeak 70 milioi euro bideratuko ditu gizarte-ekonomiako enpresak finantzatzera.

Akordioaren erakunde sinatzaileek nabarmendu dutenez, gizarte-ekonomiako enpresen premia nagusiak betetzeko diseinatu da hitzarmena. Hala, ekintzaileek produkzio-jarduerari ekiteko eta garatzeko finantzaketa-lerro berriak izango dituzte, eta enpresek likidezia uneoro izateko eta inbertsio berriak ahalbidetzeko produktuak.

Gainera, hitzarmenari esker, gizarte-ekonomiako enpresek diru-laguntza aurrerakinak eskuratu, bazkideen kapital-ekarpena erraztu eta nazioartera irteteko aholkularitza jaso ahal izango dute. Hitzarmenak urtebeteko indarraldia izango du, luza daitekeena.

Hitzarmenaren zuzkidura 70.000.000 eurokoa da, bost jarduera-lerro nagusitan banatuta: Ekintzaile eta kooperatiba berriak, 15.000.000 euro; Zirkulatzailea, 25.000.000 euro; Diru-laguntza publikoen aurrerakinak, 10.000.000 euro; Nazioartekotzea, 10.000.000 euro; eta

Enpresen kapital sozialerako ekarpenak, 10.000.000 euro.

Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak gaur egun 14 sukurtsal ditu enpresentzat soilik, eta horrez gain, produktu-adituez osatutako zazpi talde ditu: Cash management, Kanpo-merkataritza, Factoring eta confirming, Leasing eta renting, eta Finantzaketa korporatiboa eta egituratua.

Erkidek lan elkartuko (industria, eraikuntza eta zerbitzuak), irakaskuntzako eta kredituko 844 kooperatiba biltzen ditu bere baitan. Horiek guztiek 44.239 lagun enplegatzen dituzte eta haien fakturazioa 7.586.115.000 eurokoa izan zen 2010ean.