Euskadiko Kutxak Larramendiren "Hiztegi Hirukoitza" lanaren ale bat laga dio Euskaltzaindiari

Dohaintza Aprobetxatuz, Larramendiz Erakusketa Prestatu Du Euskaltzaindiak
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: martes, 19 abril 2011 15:15

BILBO, 19 Abr. (EUROPA PRESS) -

Euskadiko Kutxak Manuel Larramendiren 1745eko "Hiztegi Hirukoitza" lanaren ale baten lagapena egin dio Euskaltzaindiari, hamar urterako. Gaur Euskaltzaindiaren egoitzan egin den ekitaldian, Julio Gallastegi Euskadiko Kutxaren zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hitzarmena sinatu dute, lagapena formalizatzeko.

Eurekin batera izan dira ekitaldian, Euskadiko Kutxaren izenean, Txomin Garcia eta Juan Cid, presidentea eta Komunikazio zuzendaria, hurrenez hurren, eta Euskaltzaindiarenean, Xabier Kintana idazkaria, Jose Luis Lizundia diruzaina eta Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendaria.

Esan bezala, Euskadiko Kutxak hamar urterako utzi dio Euskaltzaindiari "Hiztegi Hirukoitza". Bi liburu dira, eta 800 orritik gora, eta hemendik aurrera, beraz, ikertzaileen esku egongo da lan hau. Kontsultak errazago egin ahal izateko, Kutxak 200 faksimil egin ditu, horietako batzuk, jatorrizko obrarekin batera, Akademiari laga dizkiolarik. Bestalde, gaur iragarri duten bezala, lana Euskadiko Kutxaren eta Euskaltzaindiaren webguneetan kontsultagai jarriko da laster batean.

Larramendiren "Hiztegi Hirukoitza" "benetako lan paregabea" zen, Luis Villasanteren iritziz. Koldo Mitxelenak ere garrantzi handia eman zion Larramendiren obra osoari, eta Pruden Gartziak gogorarazi duenez, urte askotan baztertua izan zen Larramendiren obra, hiztegia barne, eta Mitxelena izan zen lan hori berriro plazara ekarri zuena.

Hiztegiak hitzaurre oso luze bat du eta Loiolara erretiratu zenean idatzi zuen autoreak. "Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademiaren Hiztegia" argitaratu berria zela, Larramendik oso-osorik euskaratu nahi izan zuen, erdaldunak euskal hizkuntzaren aberastasunaz konbentzitzeko.

Bere idazlanetan ikus daitekeenez, euskararen defendatzaile sutsua zen Larramendi (1690-1766). Kultura handiko gizona zen eta jarraitzaile asko izan zituen. Bere garaiko gizonik jakintsuenetako bat izan zen eta orduko idazle askoren gidari bezala ageri zaigu -Mendiburu, Kardaberaz-.

Mugarri garbi bat markatzen du euskal historian, ez bakarrik euskarari dagokionez, baita historia politikoari dagokionez ere: "Sobre los Fueros de Guipuzcoa" obran, independentziaren aukera planteatu zuen; idazlan hori zentsuratua izan zen, eta 1983ra arte ez zen ezagutu. Telletxea Idigorasek argitaratu zuen lehen aldiz.

ERAKUSKETAK

Aukera hau aprobetxatuz, Euskaltzaindiak erakusketa bat antolatu du. Erakusketa Akademiaren Azkue Bibliotekak prestatu du eta Manuel Larramendiren lan batzuk erakusten ditu: batetik, bera bizirik zegoela argitaratu zirenak, eta bestetik hil ondoren publikatutakoak. Hainbat autorek Larramendiren obrari buruz eginiko lanak ere ikus daitezke erakusketan.

Besteren artean, hauek daude erakusketan: Larramendiren "El impossible vencido: arte de la lengua bascongada", "De la antiguedad, y universalidad del bascuenze en España: de sus perfecciones y ventajas sobre otras muchas lenguas", edota "Corografía ó Descripción general de la Muy Noble y Muy Leal provincia de Guipúzcoa".

Halaber, Mitxelenaren "La obra del P. Manuel de Larramendi: (1690-1766)" eta Telletxea Idigorasen "Obras del padre Manuel de Larramendi / Manuel de Larramendi" lanak ere daude ikusgai.

Euskaltzaindiak bi liburu eskaini dizkio Larramendiri, bata haren hirugarren mendeurrenaren kariaz egindako jardunaldien akten argitalpena: "Manuel Larramendi hirugarren mendeurrena 1690-1990", Joseba Lakarrak prestatua; eta bestea Larramendiren euskal testu guztiak biltzen dituen "Manuel Larramendi euskal testuak, (1690-1990 III. mendeurrena), Patxi Altunak eta Joseba Lakarrak prestatua. Hauek ere erakusketan ikus daitezke.

Bestalde, Larramendiren "Hiztegigintza Juridikoa" liburua erakusten da, Deustuko Unibertsitateko Cesar Gallastegi, Andres Urrutia, Esther Urrutia eta Arantza Etxeberria irakasleek prestatua. Blanca Urgell egungo Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak Larramendiren hiztegiaz egin zuen tesia, Joseba Lakarraren zuzendaritzapean, "Larramendiren Hiztegi Hirukoitzaren osagaiez" izenburupean, baina lana ez da argitaratu, eta horregatik ez dago erakusketan.