Euskadiko Kutxako 110.000 bezerok baino gehiagok erabiltzen dute sakeleko telefonoen alerten zerbitzua

Actualizado: martes, 8 febrero 2011 10:54

BILBO, 8 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskadiko Kutxak sakeleko telefonoko mezularitza zerbitzua du, bezeroei sms bidez beren kontuetako eta txarteletako mugimendu garrantzitsu guztien berri emateko. Zerbitzu horrek txartelaren eta urrutiko bankaren erabileraren segurtasuna hobetzen eta hobeto antolatzen laguntzen du, zenbaki gorriak eta hurrengo txartel-karguak berehala kontrolatzen direlako, eta 2010eko abendurako, 110.000 bezero baino gehiagok zuten izena emanda zerbitzu horretan.

Finantza-erakundeko iturriek prentsa ohar bidez adierazi dutenez, egungo gizartean teknologia berriak gero eta sarriago erabiltzen dira eta horrek eragina izan du finantza-erabiltzaileen portaeretan. Izan ere, gero eta finantza-erabiltzaile gehiagok erabiltzen dituzte teknologia berriak.

Horrela, aipatu bezala, Euskadiko Kutxan 110.000 bezerok baino gehiagok dute aktibatuta beren alarma-sistema telefonikoa, kutxazainetan egiten dituzten eragiketetarako eta internet bidezko salerosketetarako.

Askotan gakoak txartelean bertan idatzita edo diru-zorro barruan eramaten dituzte bezeroek eta buruz ikasteko errazak diren gakoak (jaiotza-data, autoaren matrikula eta abar) erabiltzen dira. Ondorioz, txartela galtzen bada edo lapurtzen badute, nahi ez diren arrisku-egoerak sor daitezke.

Euskadiko Kutxaren alerten zerbitzuarekin, ohiko eragiketak are seguruagoak izatea nahi da. Horregatik, kutxazainean 300 euro baino gehiago ateratzen, saltoki batean erosketaren bat egiten eta internet bidez zerbait (hegazkin-txartela, hotela, oparia) ordaintzen denean, sakeleko telefonoan mezu bat jasoko du bezeroak.

Sakeleko telefonoaren alerten sistemak merkataritza-jarduerari loturiko beste gai batzuen inguruko informazioa ere bidaltzen du, hala nola baloreen erosketak eta salmentak edo txartel-berritzeak. Kasu horietan, txartelak eta CLNet zerbitzua blokeatzeko aukera eskaintzen da.