Euskadiko LGTBI Dokumentazio Zentro Birtuala sortu da

Actualizado: jueves, 18 febrero 2016 16:33

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Berdindu lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualei arreta emateko euskal zerbitzuak bultzatuta, Euskadiko LGTBI Dokumentazio Zentro Birtuala sortu da. Aldarte, Ehgam, Errespetuz, Gehitu eta Guztiok LGTBI elkarteen artxiboetako edukiak gizarte guztiarentzat eskuragarri daude bertan. Hegoak, Pikara Magazine eta Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroak ere bat egingo dute aurki ekimenarekin.

   Bilbon egin den zentroaren aurkezpenean adierazi dutenez, dokumentazio zentro "bizia eta hazibidean dagoena" izango da, eta espazio ireki gisa diseinatu dute. Elkarte berrien ekarpenekin eta dagoeneko parte hartzen dutenen dokumentu berriekin hazten joango da.

   Zentzu horretan, Aldarte, EHGAM, Errespetuz, Gehitu eta Guztiok elkarteak dira beren dokumentazioa eskuragarri jarri dutenak, eta Hegoak, Pikara Magazine eta Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroak laster egingo dute gauza bera.

   Bildutako dokumentazioa ordezkatutako kolektiboen aldeko borrokaren testigantza da. Gainera, taldeon eskubideen aitortzaren aldeko borrokaren lekuko ere bada, edozein dela ere norbanako bakoitzaren genero edo sexu hautua nahiz identitatea, gizarteko gainontzeko kideekiko berdintasunaren aldeko borrokarena, hain zuzen ere.

   Zentro berria Berdindu zerbitzuaren webgunean egongo da eta dagoeneko prest dago kontsultak egiteko, ostegun honetatik aurrera. Esteka hauen bitartez sar daiteke: http:euskadi.eus/lgtbi-dokumentazioa (euskaraz) eta http:euskadi.eus/lgtbi-documentacion (gaztelaniaz).

   Eusko Jaurlaritzak eta elkarte parte hartzaileek euskal LGTBI mugimenduaren historia antolatu, gorde eta ezagutarazi nahi dute historia horren protagonisten bidez, hau da, azken hamarkadetan pertsona guztientzako eskubide guztien defentsan lanean aritu diren elkarteen bidez.

   Javier Miguel Eusko Jaurlaritzako Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariak esan duenez, "uste dugu beharrezkoa eta ezinbestekoa dela gizarteak elkarte horien lana eta pertsona guztien eskubideen berdintasunaren alde egin duten borroka ezagutzea eta baloratzea. Ukaezina da azken hamarkadetan norbanakoaren sexu  edo genero nortasuna legez jazarria egotetik alor pribatuko errealitate bat izatera igaro dela, eta bide horretan ezinbestekoa izan da elkarte horien ekarpena".

   Hori dela eta, Berdindu zerbitzuak eta beste elkarteek beren dokumentu funts handia antolatu, digitalizatu, gorde eta gizartearen esku jartzeko lana sustatu dute.

   Azken finean, espazio horren helburua da LGTBI borrokaren eta beren sexu identitate edota orientazioagatik jazarriak izan diren pertsonen aitortzaren instrumentu bilakatzea. Horretarako, zentroak LGTBI mugimenduaren azken urteotako historiaren ikuspegi labur bat ematen du, bai eta gizartean eta erakundeetan gertatu den pentsamolde aldaketaz ere.

   Gainera, elkarteek egin dituzten ekintza esanguratsuenak ere jasotzen ditu, "oinarrizko eskubideetan berdintasuna lortzeko balio izan dutelako". Horrez gain, elkarteen iraganeko eta orainaldiko ondare historikoa gorde eta zabaltzen du, kolektiboa ezagutaraziz.

   Hegoak elkarteak antolatutako Zinegoak zinemaldia aukeratu dute ekimena aurkezteko. Bere 13. edizioan, Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdian ehun film eta jarduera baino gehiago izango dira ikusgai.

DOKUMENTUAK ETA ATALAK

   Modu honetan, Euskadiko LGTBI Dokumentazio Zentro Birtualak herritarren eskura jarri ditu 1.583 dokumentu, honela banaturik: 17 erakusketa, 726 kartel, 532 espediente (458 testu eta 74 argazki), 149 audio, 141 bideo eta 18 pankarta. Dokumentazio zentroa osatzeko, parte hartzen duten bost elkarteen artxiboak elkartu dira eta testuinguru historiko labur bat gehitu zaie.

   Zentro birtuala zazpi ataluetan antolatu da. "LGTBI Mugimenduen memoria" atalean, LGTBI mugimenduaren azken urteetako historia kontatzen da labur-labur, Euskadin egindako jarduerak ardatz hartuta. "Mugarri historikoak" atalean, erdietsitako lorpen nagusiak kronologikoki antolatu dira. Aurreko atalarekin batera, gizartean eta erakundeetan gertatu den pentsamolde aldaketa erakusten du, bai eta aldarrikapenen helburuen aldaketa ere.

   "Material grafikoa" atala erakunde parte hartzaileek beren interes eta ekintza nagusiak erakusteko egin dituzten erakusketekin osatu da, eta "Baliabide materialak" atala, LGTBI arloan lan egiten duten zenbait elkarteren txosten eta ikerketekin.

   "Materialen bilaketa" atalean, Aldarte, Ehgam, Errespetuz, Gehitu eta Guztiok elkarteen artxiboen zati handi bat kontsulta daiteke, eta testuak, irudiak, argazkiak, audioak eta bideoak aurki daitezke. Bilaketa egiteko hainbat aukera gaitu dira: dokumentu funtsaren arabera, dokumentu motaren arabera, landutako gaiaren arabera, izenburuaren arabera eta abar.

   "Agenda" atalaren bitartez, erakunde parte hartzaileen agenda kontsulta daiteke (baldin badute). Gainera, hemen izango da Hegoak elkartearen agenda ere eta, Zinegoak jaialdiaren antolatzailea denez gero, zinemaldi horren egutegia jarriko dute; laster, Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroaren eta Pikara Magazineren agenda ere eskuragarri egongo da. Azkenik, "LGTBI Elkarteak atalean, LGTBI elkarteen zerrenda bat eta haien jarduera eremua jaso da, gehienbat estatu mailakoak.

   Eusko Jaurlaritzak elkarteei eskerrak eman dizkie "lan handia egin baitute tratu berdintasunaren eta LGTBI kolektiboaren diskriminazio ezaren alde eta, bereziki, eskuzabaltasun handia erakutsi baitute Euskadiko LGTBI mugimenduaren Dokumentazio Zentro Birtuala sortzeko".