Euskadiko Maisu Maistren Kidegoan sartzeko hautaketa prozesuan 6.122 lagunek eman dute izena

Lan Eskaintza Publiko bateko azterketa
IREKIA
Actualizado: viernes, 24 marzo 2017 13:23

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Euskadiko Maisu Maistren Kidegoan sartzeko hautaketa prozesuan izena eman duten 6.122 pertsonek kontsulta dezakete dagoeneko euren egoera zein den, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren webgunean, erabiltzaile izena eta pasahitza sartuta, argitaratua baita Lan Eskaintza Publikoan onartutakoen eta baztertutakoen behin behineko zerrenda. Behin betiko zerrenda apirilaren 27an argitaratuko da, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Onarturiko izangaiek maiatzaren 2tik 12ra bitarteko epea izango dute programazio didaktikoa aurkezteko. Ondoren, hil horretan bertan, Hezkuntza Sailak beste epe bat irekiko du merezimenduen ziurtagiriak aurkezteko.

Halaber, eskatzen den hizkuntza eskakizuna oraindik ez duten izangaiak, perfil hori egiaztatzeko probatara aurkeztu ahal izango dira, deialdi irekian, baldin eta Lan Eskaintza Publikoan izena ematerakoan hala eskatu badute. Hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko atariko proba apirilaren 1ean izango da, handik astebetera idatzizkoa, eta ondoren ahozkoa, maiatzeko lehen hamabostaldian. Oposizio aldiko lehen proba ekainaren 17an burutuko da, Barakaldoko BECen.

Jakina denez, Hezkuntza Sailak maisu-maistrentzako 740 plaza eskaintzen ditu 2017an, Haur eta Lehen Hezkuntzan, espezialitateen arabera banatuta. Oposizio aldiak bi proba izango ditu, eta horietako bakoitza bi zatitan egituratuko da. Proba bakoitza kanporatzailea izango da. Bi probetan lehenak -ekainaren 17an BECen- aukeratutako irakaskuntza espezialitateari buruzko berariazko jakintzak frogatzea izango du helburu.

PROBAK

Lehen probaren lehen zatian, izangaiek gai bat idatziz garatu beharko dute, espezialitate bakoitzeko gai zerrendatik epaimahaiak ausaz ateratako gaien artetik aukeratuta. Bi ordu izango dituzte proba hau burutzeko. Ondoren, bigarren zatian, proba praktikoa izango dute, hau ere idatziz, hautagaiek aukeratutako espezialitateari dagokion prestakuntza zientifikoa eta trebetasun teknikoak menderatzen dituztela frogatzeko. Hiru ordu izango dituzte zati hau burutzeko. Lehen probaren zati biak gainditzen dituztenek bigarren proba egin ahal izango dute.

Bigarren proban, programazio didaktikoa aurkeztu eta defendatu beharko dute hautagaiek epaimahaiaren aurrean ahoz (aurrez maiatzean entregatu behar izan duten programazio didaktikoa), eta unitate didaktiko bat aurkeztu beharko dute ondoren.

Deialdi honekin, eta 2015ean nahiz 2016an burututako enplegu eskaintzen ondotik, Hezkuntza Sailak segida ematen dio Enplegu Publikorako Eskaintzekiko duen politikari. Era berean, legealdi honetan zehar urtero Enplegu Publikorako Eskaintza bat deitzeko konpromisoa ere berretsi du. Familiei lanean nahiz eguneroko bizitzan segurtasun handiagoa ematea du helburu lan eskaintza honek, eta aldi berean egonkortasun handiagoa ematen dio hezkuntza sistemari ere, irakaskuntzaren kalitatean eragin zuzena baitute batak zein besteak.