Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienalak 2017ko Pritzker sariduna ekarriko du Donostiara udazkenean

Mugak arkitektura bienala aurkeztu dute
IREKIA
Actualizado: viernes, 7 julio 2017 13:34

DONOSTIA, 7 (EUROPA PRESS)

Mugak Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienala Donostian ospatuko da datorren udazkenean, eta, besteak beste, 2017. urteko Pritzker sariduna den RCR Arquitectes estudio katalana gonbidatuko du. Pritzker arkitekturaren esparruko nazioarteko saririk garrantzitsuena da.

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta bienalaren komisario izango den Pedro Astigarraga arkitekto donostiarrak aurkeztu dute Mugak hitzordua, besteak beste.

Nazioarteko eta diziplina anitzeko ikuspegi batekin udazkenean Donostian garatuko da Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienala, eta bere asmoa da "Donostia eta Euskal Herria arkitekturaren eta kulturaren arloko profesionalen eta, oro har, herritarren erreferentzia eta elkargune gisa kokatzea".

Mugak bienalaren jarduerak azaroan, abenduan eta urtarrilean zehar garatuko dira, eta inaugurazio astea azaroaren 7tik 10era bitartean izango da. Donostiako leku desberdinetan garatuko da, eta herritarrei irekia eta doan izango da.

Bienalaren programak 50 ekitaldi hartuko ditu barnean: erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, mahai inguruak, eta profesionalentzat, akademikoentzat edo enpresaburuentzat, unibertsitateko ikasleentzat eta herritarrentzat espazioak. Egoitza nagusia Miramar jauregia izango da, baina hiri barruan dauden beste leku nabarmen batzuek ere hainbat ekitaldi hartuko dituzte.

Hitzorduaren ekitaldi nabarmenetako batek RCR Arquitectes estudioa izango du protagonistatzat, aurtengo Pritzker sariduna, arkitekturaren eremuan den saririk handiena, alegia. Estudioak Oloten du egoitza, Katalunian, eta 1987an sortu zuten Rafael Arandak, Carme Pigemek eta Ramon Vilaltak. Hasieran Kataluniara mugatu zen haien lana, baina 2008an, krisi ekonomikoaren hasieran, mugetatik kanpo salto egin zuen, aurrena zenbait proiekturekin hegoaldeko Frantzian, eta ondoren ekintza eremua Belgikara eta Arabiar Emirerrietara zabaltzeko.

RCR estudioko bazkideak Donostia izango dira "Creatividad compartida" izeneko erakusketarekin. Bertan, estudioaren obrek izan duten bilakaera eta lanbideaz duten ikuspegi berezia ezagutzeko aukera izango da.

Espainiako arkitekturaren eraginpeko gune tradizionaletatik urrunduta, RCR Arquitectes estudioak erabaki du "diziplina pauso bat harago eramatea". "RCRren arkitektura telurikoak naturaren indarrek moldatua dirudi, Olot inguratzen duten sumendiek lurraren barrutik azalerara jaurtia", adierazi dute.

LANKIDETZA PUBLIKO-PRIBATUA

Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bultzadarekin eta beste administrazio eta erakunde kulturalekin eta arkitekturaren esparruko eragileekin izandako lankidetza publiko-pribatuarekin sortu da Mugak bienala.

Erakunde laguntzaileen artean izango dira Donostiako Udala, Gipuzkoako Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) -Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren bitartez-, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala eta Tabakalera.

Gainera, Atari Kultura Arkitektonikoaren Elkarteak, Ancora Herritarren Elkarteak, Reflex Espazioak, Peña Ganchegui Artxiboak, Habic klusterrak eta Cemento Museum Rezolak parte hartuko dute. Datozen asteetan erakunde laguntzaile gehiago elkartu ahal izatea espero da.

Aurkezpenean, Arriolak proiektuaren asmo eta hedadura handiak nabarmendu ditu, "udazken honetan begirada askoren erakargune bihurtuko baititu Donostia eta Euskadi", eta adierazi du "aukera bikaina" dela "gogoeta egiteko gure gizartean arkitekturak bete behar duen zereginari eta hiri orekatuagoak eta kohesionatuagoak lortzeko egiten duen ekarpenari buruz". "Bere dimentsio funtzionaletik eta estetikotik harago, arkitekturak funtzio sozial eta zibiko bat betetzen du. Gure bizitzako parte da", ziurtatu du.

GOGOETA ETA EZTABAIDA

Mugak izenari dagokionez, ez dela ustekabean jarri azaldu dute agerraldian. Bienalak gogoeta eta eztabaida piztu nahi ditu bidegurutzean den arkitekturaren egungo egoerari eta arkitekturako profesionalek bete behar duten zereginari buruz. Gainera, diziplina hau beste batzuekin elkartu eta haietatik bereizten dituen mugak ere aztertu nahi ditu, baita ekonomiarekin, geografiarekin edo soziologiarekin lankidetza guneak aurkitu ere.

"Bienalean erantzunak bilatuko zaizkie hirigintzaren eta arkitekturaren bide berriak berriz pentsatzeko eta berriz definitzeko moduei, oraingo gizartearentzat bizikidetzarako espazioak diseinatzeko aukera emango dutenak, hiri orekatu eta bidezkoagoekin", azaldu du.

Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienalak Interneteko gune bat du (www.mugak-bienalsansebastian.eus), eta bertan emango dira ezagutzera jarduera guztiak, sare sozialetan egoteaz gain.