Euskadiko Neguko Bidezaintza Planak 300dik gora bitarteko mugikor erabiliko ditu

Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu dute
Europa Press
Actualizado: martes, 3 noviembre 2015 11:49

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzako arduradunek 2015-2016 Neguko Bidezaintza Planaren nondik norakoak azaldu dituzte astearte honetan, eta, besteak beste, 300 bitarteko mugikor baino gehiago baliatuko direla jakinarazi dute, tartean elurra kentzeko makinak, garabiak, patruilak eta zaintza eta laguntzarako ibilgailuak.

   Trafikoko zuzendari Josu Zubiagak eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroko arduradun Jon Aizpuruak aurkeztu dute plana, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan egin duten lan bilera batean. Bertan, Trafiko Zuzendaritzako teknikari adituez gain, Ertzaintzako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietako, autobideetako, larrialdi eta meteorologia zerbitzuetako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek hartu dute parte.

   Bilbon egindako bilera horretan, Zubiagak planaren lan ildo nagusiak aurkeztu ditu, tartean Neguko Bidezaintza Plana indarrean jartzeko baldintzak (elur kota 1.000 metrotik beherakoa izatea), aldundiek eta autobideek elurra kentzeko 166 makina mobilizatzea eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak zazpi garabi mobilizatzea ibilgailu astunak bideetatik kendu ahal izateko.

   Horrez gain, zaintza eta koordinazio lanetarako laguntzako 124 ibilgailu izango dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek eta autobideek. Ertzaintzak, bestalde, planaren zerbitzura jarriko ditu zirkulazio unitateetako patruilak, eta, fase operatiboan, ertzain etxeetako agenteen laguntza ere izango du planak.

2014-2015 NEGUA

   Bestalde, bileran, 2014-2015eko neguaren balantzea ere egin dute. Hain zuzen ere, planaren informazio eta jarraipen fasea hamabitan aktibatu zen joan den neguan. Horietako bederatzitan, fase operatiboa ere abiarazi behar izan zuten, elur maila 700 metrotik behera jaitsi zelako.

   Lehen hiru elurteak 2014ko abenduan izan ziren. Elur maila baxuena abenduaren 28an izan zen, (300-500 metrotan), eta Opakua, Herrera, Urduña eta Azazetako mendateetan ibilgailu astunen zirkulazioa galarazi zuen 28ko arratsalde/gauean eta 29ko goiz partean. Bestalde, Arabako hainbat errepide itxi zituzten 28ko arratsalde/gauean, ibaiek gainezka egin zuten eta (A-4356 Koartangon, A-3310 Erriberagoitian eta A-3302 errepidea A-4302 errepidearekin bidegurutzetik).

   Laugarren elurtea 2015eko urtarrilaren 16tik 23ra bitartean izan zen, eta elur maila 500-700 metro artean kokatu zen. Bosgarrena, berriz, urtarrilaren 30etik otsailaren 8ra bitartean izan zen, elur maila 500-600 metro artean kokatuz. Arroen egoera eta iragarpen meteorologikoa ikusirik, Segurtasuneko sailburuak, Estefanía Beltrán de Herediak, Uholdeen Ziozko Larrialdiko Plan Berezia aktibatu zuen urtarrilaren 30ean, larrialdi fasean eta "1" egoeran.

   Otsailaren 3an, Neguko Bidezaintza Plana Koordinatzeko Organoak, Krisi Mahaia eratuta, bilera egin eta neurriak hartu zituen hurrengo egunean ibilgailu astunen trafikoa Euskadiko errepide sare osoan murrizteko; hain zuzen, 06:00etatik 09:00etara bitarteko ordutegian murriztu zuten trafikoa, zirkulazioaren guztizko fluxu handieneko orduak direnez. Ondoren ere, bide segurtasuna areagotzeko neurri iragankor bera hartu zuten ondoko datetan.

   Otsailean, epe motzeko beste lau elurte izan ziren; ez zen gorabehera nabarmenik izan, baina atertu gabe erori zen elurra. Ondorioz, martxoaren 3an, harri jausi eta luizi handi bat izan zen AP-1 errepidearen 118 kilometro puntuan, Eskoriatza parean, eta errepidea bi noranzkoetan ixtea eragin zuen. Hasiera batean zirkulazioa lehengoratu ahal izan zuten, by-pass bidez, baina martxoaren 13an AP-1 autobidea berriz ixteko erabakia hartu zuten, luizi gehiagoren arriskupean. Martxoaren 26ra arte iraun zuen itxita: egun horretan, beste by-pass bat ezarri ahal izan zuten.

   Azken ekitaldien batez bestekoaren aldean (zazpi aktibatze), azken negualdian gehiagotan aktibatu zen Neguko Bidezaintza Plana fase operatiboan (bederatzitan, guztira), baina nabarmentzekoa da ez zela gehiegizko zirkulazio arazorik izan. Aurreko ekitaldiekin konparaturik ere, hainbatetan mobilizatu ziren garabi astunak prebentzioa zela-eta (18 aldiz, ohiko batez bestekoa gaindituta: 12 mobilizazio). Dena dela, handia da kopuru horren eta 2012-2013ko negualdi gorrian erregistratutako 22 mobilizazioen arteko aldea.