Euskadiko Odol Emaileen Elkartea, Joaquin Achucarro eta Herri Kirolen Federazioa, Sabino Arana saridunen artean

Euskadiko Herri Kirol Federazioko sokatira selekzioa
Foto: SABINO ARANA FUNDAZIOA
Actualizado: viernes, 9 enero 2015 13:56
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak, Arantzazu Ametzaga idazle eta bibliotekariak, Lince-La Industrial Cerrajera enpresak, Euskadiko Herri Kirolen Federazioko Sokatira arloak eta Joaquin Achucarro pianistak 2014ko Sabino Arana Sariak jasoko dituzte urtarrilaren 25ean Bilboko Arriaga antzokian ospatuko den ekitaldian.

   Sabino Arana Fundazioaren sariek 26. edizioa da. Sariak urtero ematen dira, gizartearen aldeko eskaintza gaitasunagatik eta hura zerbitzatzeko joranagatik nabarmendu diren pertsonei, erakundeei nahiz gizaldeei esker ona adierazteko. Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Maria Atutxak eta erakundeko zuzendari Irune Zuluagak aurkeztu dituzte 2014ko sarituak.

   Horrela, Euskadiko Odol Emaileen Elkartearen bitartez, Sabino Arana Fundazioak "milaka euskal odol emaileak goretsi eta saritu nahi ditu", bai eta besteek bizirik segitzen eta hobeto bizitzen laguntzeko elkarteak egiten duten ekarpena ere. "Odol emaileen ekintza xume, borondatezko eta altruista hori besteen onerako elkartasunaren eta konpromisoaren adierazpen pertsonalik sakonena da", azaldu dute.

   Arantzazu Ametzaga idazle eta bibliotekariak bere kultur jarduera "jori eta sortzaileagatik" jasoko du saria. Idazle oparoa da Ametzaga, hamar eleberri baino gehiago eta 500dik gora artikulu idatzita. "Eusko Legebiltzarreko liburutegi bikaina sortzearen alma materra" izan zela azpimarratu dute.

   Halaber, Sabino Arana Fundazioak Lince euskal enpresa goretsi eta sarituko du, sarrailagintza etxea "Euskadi marka bihurtu delako munduan, gaur arte egin duen 80 urtetik gorako ibilbidean sarrailagileen sektoreko enpresa aitzindaria delarik".

SOKATIRA

   Bestalde, Euskadiko Herri Kirolen Federazioko Sokatira arloa ere sarituko da Sabino Arana Fundazioak, "Euskal Herriko kirol selekzioek nazioartearen aintzatespena lortu ahal izateko ireki duen bideagatik".

   Bukatzeko, Joaquin Achucarrok, "nazioartean ezagunen eta entzutetsuenetakoa den euskal pianistak", Sabino Arana Saria jasoko du, bere 60 urtetik gorako karreran gauzatu duen ibilbide profesional bikainagatik eta Euskadi kanpoan proiektatzeko egin duen ekarpenagatik.

   Sarien aurkezpen ekitaldian azaldu dute Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohi eta Eskoziako Alderdi Nazionalistaren arima (SNP) sarituen artean zegoela eta saria onartu zuela, baina, "gaur goizean bertan, eskutitzez jakinarazi du zoritxarrez ezin izango duela urtarrilaren 25ean Bilbon saria jaso, egun horretan Gordon barrutiko SNPren hautagia izendatua izango baita".

   "Benetan sentitzen dut ekitaldi zoragarri honetan parte hartu ezin izatea eta nire ordez beste bateri saria ematea ulertzen dut. Dena dela, datorren urtean berriz izendatua izango banintz, hor egongo nintzateke saria jasotzeko", adierazi du politikari eskoziarra.