Euskadiko oinarri teknologikoko ikus-entzunezkoen industria Madrilgo Broadcast azokan izango da

BILBO, 15 Oct. (EUROPA PRESS) -

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak oinarri teknologikoko enpresak biltzeko abian jarri duen Basque Audiovisual Services + Tech ekimena Broadcast Ikus-entzunezkoen Teknologiaren Azokan izango da, Madrilen, urriaren 25etik 28ra. Helburu nagusia sektoreari merkatu profesional garrantzitsuenetara iristen laguntzea da, produktu edo zerbitzuak saldu eta munduko fabrikatzaile nagusien azken berrikuntzak eskuratzeko.

Aurreko edizioetan bezala, Basque Audiovisual Services & Tech markak bere standa izango du Ifemako 3. pabilioian. Azokak 200 enpresa inguru bilduko ditu eta 15.000 bisitari baino gehiago espero dira. Alde horretatik, Euskadiko oinarri teknologikoko enpresak Broadcast azokan egotea, Basque Audiovisual markaren babespean, "urrats garrantzitsua izango da Eiken enpresa garapenaren eta merkatu berrietara zabaltzearen alde egiten ari den lanean", ikus-entzunezkoen euskal klusterreko iturriek adierazi dutenez.

Horrela, Basque Audiovisual Services + Tech markak Broadcast 2011n jarriko duen standari esker, euskal enpresak egiten ari diren lan teknologikoa ezagutaraziko da, eta ikus-entzunezkoen edukien ekoizpenerako baliabide aurreratuak eta produktu berriak aurkeztuko zaizkie atzerriko eragileei. Enpresa hauentzat mesedegarri izango da marka baten babespean aurkeztea, pisu handiagoa izango dutelako azokan bakarka aurkeztu izan balira baino.

Gainera, Broadcast 2011n mahai-inguru berezi bat egingo da ikus-entzunezkoen klusterrek eduki eta negozio sortzaile gisa duten zeregina aztertzeko. Mahai-ingurua azokaren lehen egunean egingo da, arratsaldez, eta Fernando de Garcillan Madrid Network Cluster Audiovisualeko zuzendari-gerenteak kudeatuko du. Hizlarien artean izango da Itziar Mena Eikeneko zuzendaria.

Broadcast azokaren 15. edizioa ikus-entzunezkoen sektorean negozio aukera berriak sortzen ari direnean egingo da, TDTaren ezarpenak, HDren hedapenak, zinema digitalak eta estereoskopiak eragindako eraldaketa prozesu betean, hain zuzen ere.