Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Vicente Goicoechea konpositore arabarra gogoratuko du

Kontzertuaren aurkezpena Gasteizen
ARABAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 21 abril 2017 10:42

GASTEIZ, 21 (EUROPA PRESS)

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) Vicente Goicoechea (Aramaio-Ibarra, 1854-Valladolid, 1916) konpositorea ekarriko du gogora Gasteizko Principal Antzokian datorren astelehenean, apirilaren 24an, bonu denboraldiaren hurrengo kontzertuan, 20:00etatik aurrera. Jose Ramon Encinar maisuaren zuzendaritzapean, EOSek Gasteizko Abesbatza izango du lagun Goicoechearen lanak interpretatzeko.

Gasteizko Abesbatza espresuki sortua da ekimen honetarako eta Araba Abesbatzako, Suessatio Taldeko, Samaniego abesbatzako eta Luis Aramburu Udal Musika Eskolako Abesbatzako 70 kidek osatzen dute. Aitor Saez de Cortazar, Carmen Moina eta Nagore Alangua dira zuzendariak. Asteleheneko kontzertuak Arabako Foru Aldundiaren babesa du eta sarrerak agortuta daude.

Kontzertuaren aurkezpenean, Igone Martinez de Luna Arabako Aldundiko Kulturako diputatuak aukera baliatu du EOSi esker ona adierazteko "Bixente Goikoetxea artista handiari merezitako omenaldia egiteagatik eta Gasteizko Abesbatzaren esku hartzeagatik, kutsu erabat arabarra
emango baitio horrek kontzertu berezi honi".

Gasteizko emanaldiak hasiko du EOSen 2016/2017 bonu denboraldiko 7. programa. Apirilaren 25ean Iruñean, 26an Bilbon eta 27 eta 28an Donostian izango diren kontzertuekin jarraituko du programak.

Aurkezpenean azaldu dutenez, Jose Maria Abaden eta Felipe Gorritiren klase gutxi batzuk hartu bazituen ere, Vicente Goicoechea apaiz arabarrak konposizioaren sekretuak ia bere kabuz ikasi zituen, XVI. mendeko polifonisten eta Joham Sebastian Bachen partiturak eta XIX. mendearen bukaeran bogan zeuden musikagileenak ikasiz, hau da, Charles Gounod, Cesar Franck edo Richard Wagnerrenak. Apaizaren musikan aurreko guztien zertxobait aurki daiteke.

"Christus factus est", "Tantum ergo", "Beata viscera" eta "Edoctus autem" moteteak Goicoechearen musika ekoizpenaren adibide onak dira, guztia erlijiosoa. Obra horiei Sabin Salaberrik egindako moldaketak interpretatuko ditu EOSek Gasteizen; iaz ere interpretatu zituen, Musikaste Errenteriako Euskal Musikaren Astean, orduan ere Gasteizko Abesbatzarekin batera.

"GERNIKA" OPERA

Vicente Goicoechea omendu ostean, Francisco Escuderoren "Gernika" lau
aktodun operaren eszenen aukeraketa bat izango da entzungai EOSen bonu denboraldiaren zazpigarren programan, Gernikako bonbardakertaren 80. urteurrena betetzen denean.

Bilboko Koral Elkartearen enkarguz sortua, "Gernika" 1987ko apirilaren 25ean estreinatu zen. Fabula honetan, Gernika herria euskal jatorriko erkidego bateko gazte bilakatzen da, eta bere askatasunaren alde borrokatzen du Podio maltzurrak zuzendutako atzerriko milizia baten
menderakuntza saiakeraren kontra. Bonbardaketaren eszena protagonistaren profezia gisa sartu arren kondairan, opera ez doa gertakizun horren inguruan.

Musikagilearen semea den Francisco Maria Escuderoren esanetan, "drama guztiz gizatiarra pizten eta islatzen duen lana da, konposizioaren sorrera gisa oinarri dramatikoa ahul zezakeen inguru politikoarekin loturarik gabea. 'Gernika' operak gure kultur erroak birsortu eta elkarbizitza aktibo zentzua proiektatu nahi ditu".

Luis Iriondoren argumentuan oinarrituta idatzi zuen libretoa Escuderok berak, eta Carmelo Iturriak eta Agustin Zubikaraik euskaratu zuten. "Gernika" operaren hainbat eszenen interpretazio berriak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien babesa du.