Euskadiko Soinuak marka hamargarren urtez izango da Canneseko Midem azokan

Actualizado: jueves, 20 enero 2011 18:15

BILBO, 20 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskadiko Soinuak Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak musikaren sektorea sustatzeko duen programa beste behin joango da Canneseko (Frantzia) Midem azokara, musikaren industria eta teknologiaren nazioarteko azokarik handienera, hain zuzen ere. Urtarrilaren 22tik 26ra bitartean izango da azokaren 45. edizioa, eta Euskadiko Soinuak markarekin batera Euskal Herriko musika-industriako hamar elkarte eta enpresa joango dira.

Programaren arduradunek adierazi dutenez, sektoreko profesionalentzako topagune izateaz gain, Midem azokaren ezaugarri nagusia musikaren teknologiaren eta komunikabideen etorkizunerako begirada da. Bertako hitzaldi eta mahai-inguruetan nazioarte mailako izen esanguratsuak parte hartzen dute, musikaren merkatuaren joerak aztertu eta etekinik handiena ateratzeko bideak zabalduz.

Bada hamarkada bat Euskadiko Soinuak bertako enpresen parte-hartzea errazten ari dela. "Hamarkada erabat korapilotsua izan da industriarentzat, urte hauetan musikaren sektoreak bere produktu eta negozioen egitura eta formatoak ziztu bizian aldatzen ikusi baititu eta inoiz baino garrantzitsuagoa da aldaketei adi egotea eta negozio eredu berrietara egokitzeko gaitasuna izatea, artista, diskoetxe, komunikabide eta erabiltzaileen arteko harremanak berrikusiz", azaldu dute.

Aurtengoan, gainera, Euskadiko Soinuak markaren parte-hartzeak "interes berezia" du euskal kantari bat azokan zuzenean jotzeko hautatu dutelako. Petti kantari beratarra izan da hautatua eta hiru kontzertu dauzka jadanik baieztatuta. Lehenengoa Midem ospatzen den azokagunean bertan izango da eta beste biak Canneseko The Quay's aretoan, azokari loturiko Fringe deritzon ekimenaren baitan.

Midem azokan izango diren Euskadiko Soinuak programaren ordezkariek hilaren 25ean programaren kolaboratzaile izandako eta oraintsu zendutako Magali Lueirori omenaldi-agurra egingo diote, Oreka TX taldearen ekitaldi bereziarekin.

Edizio honetara, Euskadiko Soinuak markarekin batera, ondoko enpresa eta elkarteak bertaratuko dira: Agorila, Aus-Art Records, Baga-Biga, Damba-Ganbeluak, EHDE, Elkar, Errabal, Gaztelupeko Hotsak, Sonora Estudios eta Munster Records / Vampisoul.