Euskadiko surf turismoaren eskaintza Frantziako "Le Salon des Glisseurs" azokan izango da

Euskal surf eskaintza aurkeztuko du Jaurlaritzak Seignosse herrian
Europa Press
Actualizado: miércoles, 28 septiembre 2011 13:33

BILBO, 28 Sep. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) surf turismoaren eskaintza eramango du Frantziako "Le Salon des Glisseurs" irristatze kirolen nazioarteko lehenengo azokara. Europa osotik helduriko 30 erakunde profesional eta marka bilduko dira Seignosse herrian.

Azokara joatearen helburua Euskadik nazioartean surfa egiteko erreferentzia gisa duen posizionamendua ezagutaraztea eta indartzea da, eta turistak igorriko dituzten merkatu berriak zabaltzea, horrela, areagotzen ari den jarduera turistiko hori indartzeko, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailetik adierazi dutenez.

Azokak bi gune izango ditu: bata, surfaren sektoreko profesionalei zuzendua eta, bestea, publikoari, oro har. 10.000 pertsonatik gora biltzea espero da. Bertan izango diren enpresen eta ikusleen profilak Euskadiko surf-produktu turistikoaren plan estrategikoan ezarritako helburuekin bat datoz.

Horrez gain, azoka egingo den egunetan hasiko da World Champion Tour, surfaren zirkuituko munduko proba, munduko ospetsuena eta garrantzitsuena. Modalitate horretako 32 espezialista onenek hartuko dute parte. Jarraitzaile asko ditu ekimen horrek eta oihartzun handia du hedabideetan.