Morais, Uriarte eta Ferreira
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: miércoles, 23 mayo 2018 11:50

Aurreikuspenen arabera, gutxienez 371 ikaslek dualean ikasiko dute unibertsitate titulazioren bat

GASTEIZ, 23 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 22 unibertsitate titulazio dual izango dira 2018-2019 ikasturtean: 15 unibertsitate gradu eta 7 unibertsitate master. Aurreikuspenen arabera, datorren ikasturtean gutxienez 371 ikaslek dualean ikasiko dute unibertsitate titulazioren bat: 240 gradu ikasketetan eta gainerakoak masterrean.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Eva Ferreira Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendariak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte astearte honetan, Gasteizen, datorren ikasturte akademikotik aurrera ikasketa dualaren aitortza izango duten unibertsitate gradu eta masterrak aurkeztu dituzte. Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea ere ekitaldian izan da.

Berriki Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen Unibertsitatea-Enpresa Estrategiaren bidez, lehen aldiz definitu ahal izan dira Euskadin unibertsitate ikasketa dualen ezaugarriak. Diseinu hori, nahiz ondoren egin beharreko ebaluazioa, Unibasq erakundearen ardura izan dira, agentzia horri baitagokio euskal unibertsitate sistemaren kalitatea ebaluatzea, akreditatzea eta ziurtatzea.

Horrela, Unibertsitatea-Enpresa Estrategia iragarri ondoren, Unibasqek deialdi irekia egin zien unibertsitateei, egoki zeritzen titulazioentzako egiaztagiri duala eskatu zezaten. Ebaluazio prozesu hori amaitu ondoren, 2018-2019 ikasturtean aipamen duala duten 22 ikasketa izango dira: 15 unibertsitate gradu eta 7 unibertsitate master. Aurreikuspena da gutxienez 371 ikaslek dualean ikasiko dutela unibertsitate titulazioren bat -240 gradu ikasketetan eta gainerakoak masterrean-.

Estatuan dual aitortza ematen duen lehen deialdia da, eta Europan unibertsitate arloan garatzen ari diren politika nagusiekin bat dator. Unibasqen Aholku Batzordeak prestaturiko ebaluazio protokoloak definitzen ditu gradu edo master tituluak edo ibilbideak aitortza duala izan dezan bete beharreko baldintzak.

Baldintza horien artean daude prestakuntza praktikoan gutxieneko kreditu kopurua, kanpoko enpresa edo entitatearekin elkarlanean (graduetan kredituen %25-50; kredituen %40 Masterretan); elkarlan horrek gradu edo master amaierako lana ere bere baitan hartu beharra; bitariko batzorde akademikoaren bidez jarraipena egin beharra, tituluaren helburu eta konpetentziekiko koherentzia bermatzeko; enpresaren konpromisoa, ikasleen formazioa finantzatzeko konpromisoa -ordainketak eginez-, baita enpresan tutoreentzako formakuntza bermatzeko konpromisoa ere.

UNIBERTSITATEA-ENPRESA

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Unibertsitatea-Enpresa Estrategia aurkeztu zuen 2017ko ekainaren 6an, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren aurrean. Gizartearen zerbitzurako tresna berria da, Europako testuinguruan Euskadiko gizarte eta ekonomia garapenerako "palanka lana" egingo duena.

Estrategiak bi helburu nagusi hartu zituen hasieratik: ezagutza sortzea eta transferitzea eta, horretarako, bikaintasun zientifikoa eta enpresa eremuko aplikazioa lotzea; gaitasun handiak eta enpresa eremuko beharrei aplikatutako eta egokitutako osagaia dituen giza kapitala sortzea.

Iragarpen horren ondoren, 2017ko urrian, Unibasqen Gobernu Kontseiluak euskal unibertsitate sisteman gradu zein master titulazio ofizialen aitortza duala eskuratzeko deialdia onartu zuen. 2017ko azaroaren 6tik abenduaren 7ra bitartean deialdi berezia ireki zen, interesa zuten unibertsitateek eskaerak aurkez zitzaten. Nolanahi ere, unibertsitateek jarraitu ahal izango dute, jarraipen eta aldaketetarako ohiko prozeduren bidez, dagoeneko existitzen diren titulazioentzat aitortza duala eskuratzeko proposamenak aurkezten, edo baita titulazio berrientzat ere, tituluak egiaztatzeko prozeduraren bidez.

Unibertsitate ikasketa dualen lehen deialdia bultzatzeaz gaindi, Hezkuntza Sailak eremu akademikoaren eta enpresa munduaren arteko harreman estuagoa sustatzeko lanean jarraitzen du. Unibertsitatea-Enpresa Estrategiak bestelako zenbait ekintza ere aurreikusten ditu 2022ra begira, eta horietako batzuk dagoeneko abian daude.

Unibertsitatea-Enpresa Estrategia bultzatzeko ekintzen artean daude Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Heziketarako Klusterra eratzea (4Gune Klusterra), fakultate nahiz eskolen eta enpresen arteko elkarlana bultzatzeko eta, horrela, Espezializazio Adimentsurako Euskal Estrategiaren helburuei erantzuna emateko, eta enpresa-unibertsitatea ikasgelen lehen programa abiatzea, RIS3 estrategiarekin bat etorriz. Programa hori euskal unibertsitate sistemako unibertsitateetan dauden ikasleei zuzentzen zaie (diseinu fasean, 2018-2019 ikasturtean abian jartzeko)

Halaber, beste ekintza batzuk dira Doktorego Industrialaren Programaren aipamena, i-dual graduko eta graduondoko titulua, graduko tituluetarako Unibertsitatea-Lanbide Heziketa eredu integrala, eta Europan enpresetan prestakuntza jasotzeko eta ikasteko programa abian jartzea, i-dual aipamena duten unibertsitate titulazioetako ikasleei zuzenduta.