Euskadin 88.818 delitu eta falta izan ziren 2013an, aurreko urtean baino %2 gutxiago

Delituak eta faltak behera 2013an EAEn
Foto: SEGURTASUN SAILA
Actualizado: jueves, 23 enero 2014 11:52

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Delinkuentzia murriztu egin zen 2013. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru lurralde historikoetan, aurreko urtearekin alderatuta. Amaitu berri den urtean 88.818 delitu eta falta izan ziren Euskadin (90.653 aurreko ekitaldian), eta horrenbestez, %2,03ko beherakada egon da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera.

   Euskadiko delitu tasa 1.000 biztanleko 40,53 delitu-faltakoa izan zen, hau da, 2012an baino ia puntu bat gutxiago. Delitu eta faltak modu homogeneoan murriztu ziren hiru lurraldeetan eta delituzko tipo guztietan, bereziki gizartean alarma gehien pizten dutenetan; indarkeria erabiliz egindako lapurretak, esaterako, milatik gora gutxiago izan dira azken urtean.

   Arau hausteak zigor moten arabera banatuz gero, hilketak 13 izan ziren joan den urtean (12 izan ziren 2012an), eta guztiak argitu zituen Ertzaintzak, bat izan ezik.

   Ondarearen aurkako delituak eta faltak -horien barruan lapurretak, ebasketak eta kalteak daude eta delituzko jardueraren %70 inguru izan ohi dira-, 65.152 izatetik 64.190 izatera igaro ziren, eta bereziki nabarmentzekoa da indarra erabiliz egindako lapurreten %29ko beherakada.

   Lesio delituak eta pertsonen aurkako faltak, berriz, 12.312tik 12.161ra igaro ziren; droga trafikoarekin zerikusia zutenak 306tik 259ra; orden publikoaren aurkako delituak 1.298tik 1.217ra (2009an hasitako beheranzko joerari eutsi zaio); eta alkoholemiak 1.792tik 1.532ra igaro ziren.

   Genero indarkeriako delituek 2013an izan zuten murrizketa ere nabarmendu du Segurtasun Sailak (3.841etik 3.733ra), behera egin zuten lehen aldia baita sistematikoki zenbatzen direnetik.

   Lurraldeei dagokienez, Arabak izan zuen balantzerik onena -arau hauste penalak 13.748tik 12.813ra murriztu ziren-; ondoren Gipuzkoak -23.860tik 23.104ra-; eta, azkenik, Bizkaiak -53.045etik 52.901era-.

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburu Estefania Beltran de Herediak Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordean agertzea eskatu du, iaz egin zuen moduan, 2013ko delitu eta falten urteko txostenaren berri emateko.