Euskadin iazko azken hiruhulekoan izandako hamar ezkontzatik zortzi zibilak izan ziren

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 24 mayo 2013 13:38

BILBO 24 May. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2012. urteko laugarren hiruhilekoan egin ziren ezkontza guztietatik %80,9 zibilak izan ziren, aurreko urteko aldi berean %76,6 izan ziren bitartean, Eustaten datuen arabera. Normalean urteko azken hilabeteetan udan baino ezkontza zibil proportzio handiagoa izaten da: udan elizan %39,3 egin ziren eta modu zibilean %60,7.

Guztira, urrian, azaroan eta abenduan 1.464 ezkontza izan ziren EAEn, aurreko urteko hiruhileko berean baino %5,1 gutxiago. Lurraldeka, Bizkaian 769 izan ziren, Gipuzkoan 457 eta Araban 202, eta EAEtik kanpo bizitzera joan zirenen artean 36.

Bizilekua EAEn duten 1.400 gizonezko eta 1.421 emakumezko ezkondu ziren. 1.225 senarrentzat (%87,5) lehen ezkontza izan zen, eta 17 alargun eta 158 dibortziatu berriro ezkondu ziren. Lehen aldiz ezkondutako emakumeen portzentajea pixka bat txikiagoa izan zen gizonena baino, eta 1.234 izan ziren (%86,8); alargunak zortzi izan ziren eta dibortziatuak 179.

Bestalde, 2012. urteko laugarren hiruhilekoan senarren %10,2 eta emazteen %14,4 atzerritarrak ziren. Senar atzerritarren portzentajea lehengo urteko hiruhileko berekoaren antzekoa da, eta emazteena handitu egin da (2011n %12,3).

Ezkontzak ezkontideek eztei-egunean zuten adinaren arabera banatuz gero, 2012ko laugarren hiruhilekoan senarren arteko %88,9k 30 urtetik gora zuten, eta emazteen artean, berriz, %78,8k. Ehuneko biak aurreko urteko hiruhileko berean izandakoak baino handiagoak dira, aldi hartan %86,3 eta %77,4 izan baitziren, hurrenez hurren.

Beste alde batetik, sexu bereko pertsonen artean 23 ezkontza egin ziren Euskadin 2012ko azken hiruhilekoan, hau da, aurreko urteko hiruhileko berean (40) baino dezente gutxiago.

Halaber, aurrera doa ezkontzeko adina atzeratzeko joera: 2012. urtean senarren %85,2 eta emazteen %73,3, 30 urterekin edo gehiagorekin ezkondu ziren, hau da, 2011n (%83,5 eta %71,8) baino ehuneko altuagoak.

Azkenik, 2012. urteko behin-behinekoan, EAEn bizi zirenen ezkontzen kopurua aurreko urtekoa baino %2,3 txikiagoa izan da. Ezkontza zibilen proportzioak 2,7 ehuneko-puntutan gainditu zuen 2011koa, guztien %71,2 izan zelarik.

Contenido patrocinado