Euskal Antologiak sailaren lehen bi aleak eta "Katu jendea" ipuinaren itzulpena aurkeztuko ditu Etxepare Institutuak

Actualizado: viernes, 15 febrero 2013 17:22

DONOSTIA, 15 Feb. (EUROPA PRESS) -

Etxepare Euskal Institutuak plazaratu berri dituen hiru argitalpen aurkeztuko ditu prentsaurrean datorren astelehenean, otsailaren 18an: batetik Euskal Antologiak saileko lehen bi aleak, eta bestetik, Eider Rodriguezen "Katu jendea" ipuinaren itzulpena. Literaturaren sustapenaren alorrean dituen bestelako egitasmoen berri ere jakitera emango du aurkezpenean.

Institutuak aurreratu duenez, Euskal Antologiak sailaren barruan, Mikel Ayerbek egindako "Euskal narratiba garaikidea" eta Jone Arroitajauregiren "Egungo haur eta gazte literatura" argitaratu ditu, biak ere hiru eletan: euskara, gaztelania eta ingelesa.

Halaber, Eider Rodriguezen "Katu Jendea" ipuina, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, nederlanderaz eta alemanez kaleratu du Euskal Sortzaileak Saila bildumaren baitan. Itzulpenok EIZIEk 2012ko urrian, institutuaren babesarekin eta Paueko UPPArekin lankidetzan egindako "Idazlea itzultzaileen lantegian" ekimenaren emaitza dira.

Aurkezpena 11:00etan izango da, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan, Donostian, eta Aizpea Goenaga institutuko zuzendariak, Mari Jose Olaziregi institutuko euskararen sustapen eta hedapenerako zuzendari eta Euskal Kultura sailaren editoreak, Jone Arroitajauregi antologoak, Juan Kruz Igerabide idazleak eta Arantzazu Royo itzultzaile eta EIZIEko idazkari teknikoak parte hartuko dute.