Euskal Autonomia Erkidegoa 15.a izango litzateke 27-EBn berrikuntzaren arloari dagokionez

Actualizado: jueves, 31 marzo 2011 13:41

BILBO, 31 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) balioa 0,45 zen 2010ean Europako berrikuntza adierazleen panel berriaren (IUS 2010) arabera, Eustaten datuen arabera, eta horrela, 27 herrrialdetako Europar Batasunean (27-EB) 15. herrialdearen mailan egongo litzateke, batez bestekoaren (0,52) azpitik.

Eustatek jakinarazi duenez, 27-EBko estatuak lau kategoriatan sailka daitezke puntuazioaren arabera. Aurrenekoa, berrikuntza liderrak dira: Suedia (0,75), Danimarka (0,74), Finlandia (0,70) eta Alemania (0,70). Hala ere, Europako benetako liderra (0,83) Suitza da, baina EBtik kanpo.

Bigarren kategoria berrikuntza handidunak da (0,62-0,45): Erresuma Batua, Belgika, Austria, Herbehereak, Irlanda, Luxenburgo, Frantzia, Zipre, Eslovenia, Estonia. EAE hemen legoke, azken postuan.

Hirugarrenik berrikuntza apaldunak daude: Portugal, Italia, Txekiar Errepublika, Espainia, Grezia, Malta, Hungaria, Polonia, Eslovakia. Azkenik, laugarren kategoria berrikuntza txikidunena da: Errumania, Lituania, Bulgaria, Letonia.

FUNTSEZKO HIRU DIMENTSIO

Bestalde, giza-baliabideak, enpresa-inbertsioak eta loturak eta enpresa-ekimena dira EAEko berrikuntzaren funtsezko hiru dimentsioak, europar batez bestekoarekiko. Gainerakoan, EAEren puntuazioa Europar Batasunekoaren azpitik dago.

Horrela, giza-baliabideetan pertsonen kualifikazioa eta hezkuntza neurtzen da, berrikuntzarako datu giltzarri gisa. EAEn hirugarren mailako hezkuntza duen 30 eta 34 urte arteko biztanleak %41,0 dira, eta Europako batez bestekoa %32,3 da. Goi-mailako bigarren hezkuntza gainditu duen 20 eta 24 urte bitarteko gazteak %78,3 dira EAEn, eta %78,6 27-EBn.

Bestalde, enpresako inbertsioan berrikuntzara bideratutako inbertsio-ahaleginak daude, bai I+Gn, bai tankerakoetan. EAEn, BPGrekiko I+G gastu pribatua %1,51 da, eta Europan %1,25, batez beste.

Halaber, loturetan eta enpresa-ekimenetan enpresa pribatuen arteko eta horien eta sektore publikoaren arteko harreman eta lankidetza neurtzen da, eta EAEko emaitzak eta Europako batez bestekoa oso antzekoak dira.

Gainerako dimentsioetan, EAEko puntuazioa Europako batez bestekoaren azpitik dago, baina hor ere badira zenbait adierazle non EAEk puntuazio berdintsuak edo hobeak dituen, beti ere Europar Batasunarekiko: nazioarteko argitalpen zientifiko bateratuak; EBtik kanpoko doktoreak; EBko merkataritza markak, BPGren bilioiko; ETE berritzaileak, produktuan edo prozesuan; enplegua ezagutza intentsiboko jardueretan; goi-mailako eta maila ertaineko teknologia esportazioak; eta ezagutza maila altuko zerbitzu esportazioak.

Hala ere, badira, oraindik ere, EBko batez bestekoaren azpitik dauden adierazleak. Finantzaketa eta laguntza dimentsioan izandako balioak, bai sektore publikoak I+Gn egikaritutako gastuan BPGrekiko portzentajean, bai arrisku-kapitalaren eskuragarritasunean, Europako batez bestekoaren azpitik daude.

Gainera, eraginak ekonomian dimentsioan, merkaturako edo enpresarako berriak diren produktuen salmenten negozio-zifra Europako batez bestekoaren azpitik dago, bai eta aktibo intelektualen dimentsioan BPGren bilioiko patente-eskariak ere. Azkenik, berritzaileen dimentsioan, marketin edo antolaketan ETE berritzaileen portzentajea ere azpitik dago.