Euskal Autonomia Erkidegoko azalera handietako salmentak %12,3 jaitsi dira martxoan urtetik urtera

Actualizado: miércoles, 27 abril 2011 11:30

BILBO, 27 Abr. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) merkataritzako azalera handietako salmentek %12,3ko beherakada nominala izan dute urtetik urtera 2011ko martxoan, Eustaten datuen arabera, eta lan-egutegi homogeneoari dagokionez. Elikagaien salmentek %6,1eko beherakada nominala izan dute urte batetik bestera, eta gainerakoek %15,8koa.

Lurraldeka, Araban eman da salmenten beherapen nominal handiena urte batetik bestera (%9,4); Bizkaian %13,4 egin dute behera salmentek eta Gipuzkoan %11,6.

Bestalde, otsailarekin alderatuta, eta estazionalitate-ondorioak zuzendu ostean, EAE osoko salmentek %4,3 egin zuten behera balio nominaletan joan den martxoan. Elikagaien salmentak aurreko hilabetearen aldean %2,0 jaitsi ziren, eta gainerako produktuen salmentek aldaketa negatiboa izan zuten, %5,5 egin baitzuten behera.

Lurraldeka, eta otsailarekin alderatuta, EAEko hiru lurraldeetan eman ziren beherapenak: Araban %3,1 jaitsi ziren salmentak, Bizkaian %4,5 eta Gipuzkoan %4,4.

Halaber, balio konstantetan, EAEko azalera handietako salmentek %15,5 egin dute behera urte batetik bestera, eta aurreko hilabetearen aldean %4,6 jaitsi ziren.

Bestalde, 2010eko martxoarekin alderatuta, elikagaien salmentek %9,1 egin dute behera eta gainerako produktuen salmentek %18,9, euro konstantetan. Lurraldeen bilakaera aztertu ostean ikusi da guztietan eman dela beherakada: Bizkaian %16,5 jaitsi da, Gipuzkoan %15,0 eta Araban %12,7, balio konstantetan.

Aurreko hilabetearekin (2011ko otsailarekin) konparatuta, eta prezioen eragina alde batera utzi ostean, elikagaien salmentek %2,2 egin zuten behera joan den martxoan, eta gainerako produktuen salmentek %5,8. Lurralde bakoitzean datu ezberdinak eman ziren balio errealetan: Araban %3,5eko beherapena izan zen, eta Bizkaian eta Gipuzkoan %4,8koa.

Azkenik, azalera handietako establezimenduetan lan egin zuen pertsonen kopurua %0,5 txikitu zen martxoan, urte bereko otsailaren aldean (desestazionalizatu ostean). Aldaketa hori negatiboa izan zen Bizkaian eta Gipuzkoan (%0,6 eta %0,8 jaitsi baitziren), baina Araban igo egin zen (%0,3).