Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako merkataritza sektoreko salmentak %0,3 igo dira urteko hirugarren hiruhilekoan

Txikizkako merkataritzaren salmentak igo egin dira EAEn
Europa Press
Actualizado: viernes, 4 noviembre 2011 12:47

BILBO, 4 Nov. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) txikizkako merkataritza sektoreko salmenta nominalak %0,3 igo dira 2011ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, Eustatek landutako eta jakinarazitako datuen arabera.

Gasolina-zerbitzuguneak alde batera utzita, sektoreko salmentak % 1,0 jaitsi dira, aurreko urteko hiruhileko berarekin konparatuta. Aurreko hiruhilekoaren aldean, eta estazionalitate-ondorioak zuzendu ostean, salmenten indizeak %0,2ko jaitsiera nominala izan du.

Txikizkako merkataritza espezializatuaren barruan, bestelako kontsumo-ondasunak azpimarratu behar dira, %5,3ko hazkunde nominala izan baitute. Gainerako sektoreetan salmentek behera egin dute: elikagaien salmentak %1,6 jaitsi dira, pertsonaren ekipamenduaren sektorekoak %5,7 eta etxearen hornikuntzarako gaien salmentak %1,9.

Txikizkako merkataritza espezializatugabean, batez ere elikagaiak saltzen dituzten establezimenduetako salmentak %0,1 murriztu dira eta batez ere gainerako produktuak saltzen dituzten establezimenduetako salmentak %1,6.

Lurralde historikoka, 2011ko hirugarren hiruhilekoan, eta aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, Bizkaiko txikizkako sektoreko salmenta nominalek %0,2 egin dute behera; Gipuzkoakoak %1,0 igo dira, eta Arabakoek %0,3 egin dute gora.

Bestalde, prezio konstanteetan, hau da, prezioen eragina kenduta, txikizkako merkataritzaren salmentek %2,7 egin dute behera EAEn hirugarren hiruhilekoan. Txikizkako merkataritzaren salmentek, gasolina-zerbitzuguneak kontuan hartu gabe, aurreko urteko hiruhileko berean baino %2,2ko beherapen erreala izan dute.

2011ko hirugarren hiruhilekoan, urteko bigarren hiruhilekoaren aldean, EAEko txikizkako merkataritzaren salmenta errealak %0,6 jaitsi dira, estazionalitate-ondorioak zuzendu ostean. Halaber, txikizkako merkataritza espezializatuaren beherapen erreala %3,1ekoa izan da eta txikizkako merkataritza espezializatu gabearena %2,3koa, betiere 2010eko hiruhileko bereko datuekin alderatuta.

Txikizkako merkataritza espezializatuaren barruan, urte batetik bestera bilakaerak negatiboak izan dira sektore guztietan: pertsonaren ekipamenduak %4,7 jaitsi dira, etxearen hornikuntzako gaiak %3,0, elikagaien salmentak %3,8 eta bestelako kontsumo-ondasunak %2,9, datu guztiak betiere balio errealetan.

Txikizkako merkataritza espezializatu gabearen barruan, euro konstanteetan, elikadura nagusi duten azpisektoreen salmentek %2,0 egin dute behera eta gainerako produktuak nagusi dituzten azpisektoreen salmentak %4,9 jaitsi dira.

EAEko hiru lurralde historikoetan egin dute behera salmentek balio errealetan: Araban %4,2, Gipuzkoan %2,0 eta Bizkaian %2,7. Azkenik, EAE osoan txikizkako merkataritzaren sektorean lan egiten duten pertsonen kopurua %0,3 jaitsi da 2011ko hirugarren hiruhilekoan, bigarren hiruhilekoaren aldean.