BILBO, 3 Oct. (EUROPA PRESS) -
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) basoetako lurrek orain xurgatzen duten karbono kantitatearen halako bi xurga lezakete basoen kudeaketa aldatuz gero eta, ondorioz, airean dagoen gas horren presentzia murriztu eta beroketa globalaren arazoa arintzen lagundu. Hori da Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak egindako azterketa baten ondorio nagusia.
Ikerketan, eukalipto, radiata pinu, douglas izei eta pagoz osatutako EAEko baso-masa esanguratsuetako lurren mila lagin baino gehiago aztertu dira. Ikerketa hau zentro teknologikoa egiten ari den jardueren barruan kokatzen da, euskal basogintzaren jarduera eta lehiakortasuna hobetzera zuzenduta.
Neiker-Tecnaliako iturriek azaldu dutenez, lurzoruak karbono organikoa gordetzeko biosferan dagoen depositu nagusia dira, eta horregatik, funtsezko gunea dira atmosferaren eta lurrazalaren artean gas horrek duen fluxuari begira.
Gaur egun, klima epeletako basoetako lurrak oinarrizko hustubidea dira, atmosferatik xurgatzen duten karbonoa -fotosintesiaren bidez- arnas hartzean igortzen dutena baino gehiago delako. Halere, gerta daiteke klima aldaketaren ondorioz ingurunean dauden baldintzek egoera hori aldaraztea. Horregatik, Neiker-Tecnaliak ikerketa bat egin du, EAEko baso-lurretan dagoen karbonoa zehazteko eta hori gehiagotzeko neurriak proposatzeko.
Neiker-Tecnaliaren ikerketatik ondorioztatzen da aztertutako baso-sail guztiak karbonoa biltegiratzeko duten ahalmen osoaren %40tik behera daudela, eta eukalipto eta pinu baso guztiak potentzial horren %30etik behera daude. Horrenbestez, EAEko basoen kudeaketak tarte handia dauka basoetan karbono xurgatzeko ahalmena areagotzeko. Hori lortzeko, zentro teknologikoko espezialistek makineria zentzuz eta egoki erabiltzea proposatu dute uzta, baso-soilketa zein lurra prestatzeko lanetan. Horrez gain, makineria euskal orografiara egokituta egon beharko litzateke.
Gainera, ebaketa hondarren aprobetxamendu energetikora zuzendutako gestio neurriak proposatzen direnean, espezialistek eskatu dute zoruetako karbono izakinak hobetzeari buruzko alderdia kontuan hartzeko; hondar horiek eskuarki biomasa sortzeko erabiltzen dira.
Halaber, Neiker-Tecnaliaren iritziz, baso lurretan biltegiratutako karbono tasak monitorizagarriak eta kuantifikagarriak izan behar dira, basoen kudeaketan egindako aldaketen eragina objektiboki neurtu ahal izateko eta, ondorioz, Kiotoko protokoloa eta Lurraren Erabilera eta Basogintzaren Praktika Onen direktiba europarra betetzeko.
LAGINAK
Neiker-Tecnaliako ikertzaileek baso-lurreko 1.180 lagin analizatu dituzte guztira, 2005. eta 2010. urteen artean PEFC baso-ziurtagiria kudeatzeko planen barruan, eta lagin horiek denak EAEko ingurune atlantikoko baso masen erakusgarriak dira. Emaitzek diotenez, aztertutako partzeletan gaur egun dagoen karbono kantitatea hektareako 57 eta 100 tona artekoa da sakonerako lehenengo 25 zentimetrotan, eta balio horiek bat datoz gaiari buruz Europako Batzordeak oraindik orain argitaratu duen txosten batekin. Haatik, balio horiek lurrek karbonoa atzitzeko duten ahalmenetik urrun daude.
Eukalipto basoetako zoruek dute karbono biltegiratzeari buruzko baliorik baxuenak; zehazki, balioak karbonoa atxikitzeko ahalmen osoaren %25etik beherakoak dira. Radiata pinudiei dagokienez, biltegiratzeko ahalmenaren %22 eta %28 artean daude, eta pagadiak eta douglas izeien sailak, berriz, karbonoa atxikitzeko ahalmen osoaren %30 eta %40 artean daude.
EAEko baso-lurrek biltegiratzen duten karbono bolumenari dagokionez, eukalipto basoek gas horretatik batez beste 67 eta 73 tona daukate hektareako. Radiata pinu sailek 67 eta 74 tona artean atxikitzen dute, eta pagadien eta douglas izeien sailek 80 eta 82 tona artean gordetzen dute hektareako.
Bahiketa ahalmenaren portzentaje txikiak garai bateko baso politiken ondorioa izan daitezke, politika horietan ez zirelako iraupenaren eta iraunkortasunaren kontzeptuak sartzen, eta horri basoko produktuen gehiegizko erabilera gehitu behar zaio (egurra, ikatza, lurrustela eta zuhaixkak ganaduaren ohe gisa eta abar). Gaur egungo basogintzaren sektoreak egoera iraultzeko aukera dauka, eta bere gestio planen helburuen artean karbonoaren xurgapena sar dezake.
Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea irabazi asmorik ez duen erakunde publiko bat da, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita dago. Zentro teknologikoak I+Gko helburu hauek lortzeko konpromisoa dauka: nekazaritzako ekoizpen sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiapenetan kudeaketa teknologia berriak garatu eta aplikatzea, eta nekazaritzako elikagaien eraldaketa industriari, balio bereizgarria duten produktuei eta, oro har, kontsumitzaileei dagozkien kalitate baldintzak betetzea.