Euskal enpresek 2 milioi euro baino gehiago aurreztu dute Industria Sailarekin espedienteak Internet bidez bideratuta

Informatica
EUROPA PRESS
Actualizado: jueves, 7 julio 2011 12:43

BILBO, 7 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal enpresek guztira 2.121.858 euro aurreztu zituzten iaz Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailarekin egindako espedienteak bideratzeko teknologia telematiko berriak erabili izanaren ondorioz, Eukso Jaurlaritzatik argitu dutenaren arabera.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailarekin egindako hiru espedientetik bi modu telematikoan izapidetu daitezke jada, Eusko Jaurlaritzak informatika-alorrean abian jarritako jardun-planari esker, 208.148 izapide egin ahal izan direlarik azken bost urteetan bide horretatik.

Neurri hori gehien baliatu duten profesionalak igogailuen sektorekoak izan dira, hain zuzen ere, instalazioen ikuskapen-eskabideak izapidetu dituzte Internet bidez batez ere, 906.594 euro aurreztuz.

Izapide telematiko gehienak erregistratu dituen eta era berean aurrezte handiena ekarri duen bigarren espedientea behe-tentsioko instalazio elektrikoen zerbitzuan izan da, 897.624 euroko onura ekonomikoarekin, gehiago zehaztuz.

Horren atzetik daude beherapenen deklarazioak Internet bidez egin dituzten dendak, guztira 126.252 euro aurreztuz, eta igogailuak instalatzeko espedienteak izapidetu dituzten enpresak, 65.282 euro aurreztuta.

2010ean, Internet bidez izapidetutako dokumentuen kopurua % 64,7 handitu zen aurreko urtearekin alderatuta, guztira 30.098 dokumentu egin ziren, aurreko urteetan baino 10.615 gehiago. Euskal enpresaburuek 44.607 izapide modu horretan egiteko aukera zuten, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailarekin iaz egindako 65.363 izapideetatik. Beste guztiei dagokienez, oraindik ohiko bidetik jarraitzen ari dira.

Hala ere, Sailak bide telematikoaren bidez eskaintzen dituen izapideen kopurua handitu egin da azken urteetan, herritarren kudeaketak erraztearen aldeko politika irmoari esker, eta, beraz, Industrian egiten diren izapide guztiak % 46raino iritsi dira, eta eskainitakoei dagokienez % 68,2raino.

Eusko Jaurlaritzak informatika-alorrean abian jarritako jardun-planari esker, azken bost urteetan 208.148 izapide eskaini ahal izan dira bide horretatik. Datu garrantzitsuena da eskaintza handitu bada ere, horren erabilera hori baino gehiago handitu dela, 2006ko 17.445etik iazko 30.089ra igoz.

Ereduak poliki-poliki ezarri dira eta, hala, azken urtean, igogailu-baimenen % 100 sistema horren bitartez kudeatu da, eta horren atzetik, beherapenen deklarazioak eta behe-tentsioko buletinak izan dira.

Jaurlaritza jardun-ildo jakin bat garatzen ari da Informazio Gizartea eraikitzeko, eta proiektu hau jardun-ildo horren barruan kokatu behar da. Hala ere, administrazioak egoera berrira egokitu behar izan du eremu batzuetan

Gaur egun, horren bitartez zerbitzu berriak eskaintzeko ari da lanean Saila, esate baterako, eta beste batzuen artean, jakinarazpen elektroniko ziurtatua, datu pertsonalak mantentzeko "self-service" moduko bat, ziurtagiriak lortzeko eta espediente digitalak kudeatzeko baliagarri izango dena, oinarrizko informazioa webgunerako argitaratzea eta bitarteko horren bitartez kontsultak egiteko aukera.