Euskal fabrikazioaren etorkizunerako beharrezkoa da eragileen lankidetza hobetzea eta produktu eta merkatuak zabaltzea

Eberhard Abele irakaslea
CIC marGUNE
Actualizado: viernes, 18 noviembre 2011 12:44

BILBO, 18 Nov. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko fabrikazioaren etorkizunerako beharrezkoa da eragileen arteko lankidetza hobetzea eta produktu eta merkatuak zabaltzea, Zamudion (Bizkaia) gaur aurkeztu den Fabrikazioa 2020 azterketaren arabera. CIC marGUNEk koordinatu du azterketa eta Alemaniako manufaktura-industriaren diagnosiaren koordinatzailea den Eberhard Abele irakasleak idatzi du.

Euskal Fabrikazioaren Urteroko VII. Jardunaldiaren barnean aurkeztu dira Euskal Herriko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %22 den manufaktura-industriaren etorkizuneko gako, erronka eta aukerak, 2020. urtera begira, Zamudioko Parke Teknologikoan.

Azterketaren arabera, kontuan izanda ekoizpenaren bikaintasuna Euskal Herriko etorkizuneko garapenaren oinarrietako bat izango dela, manufaktura-industrian oinarritutako herrialde oparo gisa duen posizio estrategikoa hobetzen laguntzeko oinarrizko bi ekintza-ildo identifikatu dira.

Fabrikazioaren parte diren eragileen lankidetza hobetzea izango da sektorearen arrakastarako gakoetako bat. Zentzu horretan, azterketan proposatzen den aukeretako bat da ekoizpen-jarduerak beste herrialde batzuetara zabaltzeko clusterrak sortu eta garatzea.

Beste oinarrizko ekintza-ildoa, fabrikazioaren ikerkuntza-jarduera eskariari eta merkatuari begira jartzea izango da. Eguzkitiko energiarekin, bateria elektrikoekin edota energia eolikoarekin erlazionatutako fabrikazioa bezalako produktu eta merkatuetarako bide berriak zabaltzea, alegia.

Ondorioz, Fabrikazioa 2020 azterketak programa bat proposatzen du I+G+b sistemaren lau zutabe gakoen elkarlanean oinarrituta -hezkuntza-sistema, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta industria-, epe ertain eta luzera fabrikazio-teknologietan bikaintasuna lortzeko eta merkatuaren behar berriei eraginkortasunez erantzun ahal izateko.

ELGE eta EUSTAT erakundeetatik datozen estatistiken analisiak eta fabrikazio-teknologien sektoreko enpresetako adituen kontrasteak fabrikazioaren euskal industriaren aukera eta mehatxuen berri eman du. Analisi horrek argi erakutsi du egungo egoeraren ikuspegia eta etorkizunak euskal industriari ekarriko dizkion erronkak.