Euskal familien diru sarreretan ia 12.000 euroko aldea dago hartzaile nagusia gizona bada

Actualizado: viernes, 7 marzo 2014 12:12
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

Emakume landunek seme-alaben eta mendeko pertsonen zaintzari eskainitako denbora gizonek eskainitakoa halako bi da ia

   BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) familien diru sarrerak aldatu egiten dira, hartzaile nagusia gizon edo emakume izan. Hala, familiako hartzaile nagusia gizona bada, familiek 46.513 euroko diru sarrerak dituzte batez beste -mota honetako familia gehienak tarteko geruzetan eta gorengo dauden geruzetan sartu dira-, baina hartzaile nagusia emakumea bada, familien batez besteko errenta 34.717 eurokoa da -mota honetako familia gehienak errentaren beherengo geruzetan sartu dira-.

   Beraz, Eustatek gaur argitaraturiko datuen arabera, "genero arraila" izan bada familiaren diru sarreretan, ia 12.000 euroko aldea dagoelako familien diru sarreretan, hartzaile nagusia gizona edo emakumea izan. Kontuan hartu behar da EAEko familien batez besteko errenta 42.192 eurokoa dela, eta euskal familien multzoaren batez besteko diru sarrerak batez besteko errenta pertsonala baino bi aldiz gehiago dira.

   Diru sarreren gaineko datuak familiaren tamainaren arabera aztertzen direnean, orduan ere argi geratzen da gizonaren diru sarrerak emakumearenak baino nabarmen handiagoak direla. Esaterako, pertsona bakarreko familien batez besteko diru sarrerak 27.290 eurokoak dira, hartzaile nagusia gizona den kasuetan, eta hartzaile nagusia emakumea den kasuetan, aldiz, 19.770 eurokoak dira.

   Egoera hori familia tamaina guztietan errepikatzen da. Bi pertsonako familien kasuan, hartzaile nagusia gizona bada, diru sarrerak 38.642 eurokoak dira, eta hartzaile nagusia emakumea bada, aldiz, 35.041 eurokoak. Hiru eta bost kide arteko familietan, berriz, 56.943 eurokoak eta 51.105 eurokoak dira diru sarrerak, hurrenez hurren.

   Gauzak horrela, 16 urteko edo gehiagoko pertsonen lan egoera aztergai hartuta, 2013an euskal emakumeen langabezia tasa %14,1ekoa zen, Espainiakoa (%27,0) baino askoz txikiagoa baina EB-28ko batez bestekoa (%10,9) baino handiagoa.

   Europan eskuragarri dauden luzeko emakume langabeei buruzko datu berrienak 2012. urtearen gainekoak dira. Horien arabera, Euskadin, %5,9koa da luzeko emakume langabeen tasa, EB-28n %4,7koa, eta Espainiakoa %11,6koa.

   Halaber, gure inguruko herrialdeetako 16 eta 64 urte arteko emakumeen datuekin alderatuta, EAEko emakumeen okupazio tasa (%58,4) eta EB-28ko herrialdeetakoena (%58,5) oso antzekoak dira, eta Espainiako emakumeena, ordea, txikiagoa (%50,6).

NORBERA ETA FAMILIA

   Bestalde, norberaren bizitza eta familia bizitza uztartzea oraindik ere egiteke asko dagoen auzietako bat da, 2012. urteari dagozkion Eustaten datuen arabera. Hala, EAEn, etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek egunean 4,6 ordu eskaintzen dizkiote 15 urtetik beherako seme-alaben zaintzari, eta gizonek, aldiz, 2,9 ordu. Aldea are handiagoa da mendeko pertsonen zaintzan: gizonek egunean 1,4 ordu ematen dituzte eta emakumeek kopuru hori halako bi (2,9).

   Emakume langileen ia erdiak (%47,9), soldatapeko lanari eskainitako lanaz gain, egunean bost ordu edo gehiago eskaintzen dizkiote adingabeen zaintzari. Mendeko pertsonen zaintzari dagokionez, %20,8k denbora tarte hori bera eskaintzen dio egiteko horri. Era berean, gizon langileen %49,1ek bi ordu edo gutxiago eskaintzen dizkio seme-alaben zaintzari.

   Landunen artean, etxeko lanen banaketa are desorekatuagoa da: hamarretik bederatzi gizonek (%91,5) bi ordu edo gutxiago eskaintzen dizkiete zeregin horiei. Aldiz, lau emakumetik batek (%27,9) hiru ordu edo gehiago eskaintzen dizkio.

   Gainera, eginkizunen banaketa ezberdin horren ondorioz, emakume landunen ehuneko handi bat (bostetik ia bat) ez dago batere pozik ezkontideak edo bikotekideak etxeko lanak egiteko emandako laguntzarekin. Lana duten gizon gehienak -%77,6-, ordea, oso pozik daude bikotekideak etxean egindako lanarekin.

   Halaber, emakume landunak gizon landunak baino pozago daude seme-alaben zaintzaren esparruan; %62k pozik dagoela adierazi du, eta etxeko lanekin pozik daudela dio %48,3k. Gizonen kasuan, seme-alaben zaintzarekin pozik dago %50,9, eta etxeko lanekin, berriz, %46,2.

UGALKORTASUNA

   Bestalde, adierazle demografikoak aztertuz gero, aurreikusi daiteke EAEn gizon jaiotzen den pertsona 79 urte biziko dela, eta ezkontzeko %49ko probabilitatea duela. Emakume jaioz gero, aldiz, 85,4 urteko bizi itxaropena eta ezkontzeko %54ko probabilitatea du, eta haur bakarra izango du. Bi kasuetan, zortzi aldiz aldatuko dira etxez.

   Gizon zein emakumeek bizi itxaropenaren etengabeko hazkundea izan dute. Duela 35 urteko adierazleen arabera (1975ean, gizonen bizi itxaropena 69,6 urtekoa zen, eta emakumeena, 76,9koa), emakumeen bizi itxaropena 8,5 urte handiagoa da, eta gizonena 9,3 urte handiagoa.

   2025ean, biztanlego aurreikuspenen arabera, emakumeen bizi itxaropena 88,4 urtekoa izango da, eta gizonena 82,6 urtekoa. Bi bizi itxaropenen arteko aldea jaitsi egin da; orain 6,6 urtekoa da, duela 20 urte 8,7koa zen bitartean. Bilakaera horri eutsiko zaio, 2026an, 5,8 urtekoa izango denez.

   EAEko emakumeen bizi itxaropena Espainiakoenaren berdina da, eta Alemaniakoena zein Europar Batasunekoa (%83,2) baino handiagoa, nahiz eta Frantziakoena baino apur bat txikiagoa den (85,7 urte). Gizonen bizi itxaropena ere Europar Batasunekoena (77,4) eta Alemaniakoena (78,4) baino handiagoa da, baina Espainiakoena baino txikiagoa (79,4).

   Ugalkortasuna oso maila txikian dago gure inguruneko herrialdeekin alderatuta. Horrela, 2011n, seme-alaben batez bestekoa 1,3koa zen, 1975eko 2,7kotik urrun oso. Gainera, belaunaldi ordezpenerako beharrezkoa den mailatik (2,1 haur) oso behera dago. Ama izateko batez besteko adina 32 urtekoa da, hau da, 1975en aldean, 3,8 urte geroratu da.

   Atzerriko herrialdeekin alderatuta, ugalkortasun indizea Alemaniakoaren antzekoa da (1,36 haur), baina Europako batez bestekotik behera dago (1,57 haur) eta oso urruti du Frantziako datua (bi haur).

EZKONTZA

   Ezkontza tasari erreparatuta, ezkontzeko adina ere geroratu egin dela hauteman daiteke. Lehen ezkontzaren batez besteko adina 35,1 urte da gizonentzat (1975ean baino 8,4 urte gehiago) eta 32,8 emakumeentzat (1975ean baino 8,6 urte gehiago).

   Ugalkortasunarekin bezala, batez ere adin tarte jakin batean ezkontzen dira gizon-emakumeak. Horrela, gizonen %48,1, 30 eta 36 urte artean ezkontzen da, eta emakumeen %52,8, 28 eta 34 urte artean.

   Gizonen erdiak baino gehiagok jarraituko du ezkongabe, bai eta emakumeen erdiak (%45) ere. Duela 35 urtetik asko aldatu dira datuok, orduan pertsonen ia %100 ezkontzen baitzen.

UNIBERTSITATEA

   Bestalde, generoaren arabera, gizon baino emakume gehiago sartzen da unibertsitateetan (%8 gehiago): %54 emakumeak dira, eta %46 gizonak, 2011-2012 ikasturteko datuen arabera. Emakumeak gehiago dira ikasketa mota guztietan: master ofizialetan (%57), lehen eta bigarren zikloan (%53), graduan (%54) eta doktoretzan (%53). Halaber, 12.253 gaztek lortu zuten unibertsitate titulu bat, haietatik %60 emakumeak.

   Ikasketa motei dagokienez, ezberdintasun handia dago ikasketen espezializazioan. Hala, emakumeek, gehienbat, Gizarte eta Lege Zientzien barruan jasotakoak nahiago dituzte (%61), eta gizonen %83, ordea, Ingeniaritza-Arkitekturaren eta Gizarte eta Lege Zientzien artean banatzen dira. Oso adierazgarria da neskek Osasun Zientziak mutilek baino gehiago nahiago izatea (%8 eta %3, hurrenez hurren).

   Gainera, euskal unibertsitateetako 5.897 irakasleetatik gehienak gizonak ziren (%59), eta Administrazio eta Zerbitzuetako 2.692 langileen artean, aldiz, emakumeak %65 izan ziren.