Euskal Funtsa elkarteak bere goibernu organoak berrituko ditu urriaren 27ko Batzar Orokorrean, Getxon (Bizkaia)

Actualizado: miércoles, 19 octubre 2011 12:28

BILBO, 19 Oct. (EUROPA PRESS) -

Lankidetzan diharduten Euskal Herriko 97 toki erakunde biltzen dituen Euskal Funtsa elkarteak Batzar Orokorra egingo du urriaren 27an Fadurako (Getxo, Bizkaia) hitzaldi-aretoan, eta, besteak beste, bere gobernu organoak berrituko ditu, elkarteko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Udal eta foru gobernuak eratu osteko lehen osoko bilkura honetan, 2011-2015 aldian Zuzendaritza Batzordean jardungo duten karguak izendatuko dira. Zuzendaritza organoetako ardura nagusiari dagokionez, elkartean biltzen diren sentsibilitate ezberdinak jasotzen dituen adostasunezko proposamenaren buru Imanol Landa Getxoko alkatea da, eta horrela, 2007ko urritik elkarteko buru izan den Alberto Ruiz de Azua Arrigorriagako alkate ohiaren txanda hartuko luke.

Era berean, 2007-2011 aldian elkarteak bere lan eremuan jorratutako jardueren balantzea egingo da, hau da, garapenerako udal lankidetzaren koordinazioa eta sustapena eta bere ordezkaritza nazioarteko foro ezberdinetan ere; nazioarteko lankidetzaren inguruko informazio eta aholkularitza eskaintza udal korporazioei; Erdialdeko Amerikan (Nikaragua, Guatemala eta El Salvador) eta Kuban gauzatzen diren tokiko garapenerako prozesuei laguntza; unibertsitateek garapen lankidetzarako egitasmoetan praktikak egiteko bultzatzen dituzten programei laguntza eta saharar herriaren aldeko giza laguntza eta elkartasuna.