Euskal Herriko 2015eko uztan 13 bat milioi litro sagardo egin dira

Uzta
SAGARDOETXEA
Actualizado: lunes, 4 enero 2016 16:43

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

   Guztira 13 bat milioi litro sagardo egin dira Euskal Herrian 2015eko uztan, eta horretarako %60-70 inguru izan da bertako sagarra eta gainerako %40-30 kanpotik ekarri behar izan da, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak jakinarazi duenez.

   Horrela, 2015ko uztako sagardoa prest dago jada sagardotegietan, txotx garai berrian nahiz botilaratuta dastatu ahal izateko. Orokorrean, Gipuzkoako Sagardogileen arabera, "oso uzta aparta" izan da Euskal Herrian, bai kopuruz eta baita kalitatez ere. "Azken urteetako sagar kopururik gehiena bildu da Gipuzkoan eta eguraldiak eraginda izaera eta gorputz handiko sagardoak eman dituzte orokorrean, aromatikoki freskoak eta ahoan borobilak", azaldu dute

   Zehazki, aurtengo sagardoaren ezaugarri nagusiena da "gorputz ederrekoak" direla, eguraldiak eraginda tanino gehiago izan baitu bertako sagarrak eta horrek eragin zuzena du kalitatean. Aurreko urtearekin alderatuta, alkohol graduazio altuxeagoa ere badute aurten sagardoek, azukre gehiago ekarri baitute orokorrean.

   Hala ere, zonalde batetik bestera eta sagardotegi batetik bestera asko aldatu liteke hau, sagar motak eraginda, biltzeko datak eta abar luze bat. Irakinaldiei dagokienean, urriko tenperatura altuek eraginda, azkar irakin dute sagardo gehienek eta usain ederra dute.

   "Orokorrean, 2015eko sagardoa freskoa da aroma aldetik, usaintsua, fruta usain freskoak dituena, ahoan gorputz ederrekoa, eta txinparta finekoa", azaldu dute.

   Gipuzkoan egin da Euskal Herriko sagardoaren %95, eta "sagar asko eta ona" izan da ia leku guztietan. Gipuzkoako %60-70 egin da bertako sagarrarekin, eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea gustura dago orain arteko emaitzarekin.

   Nafarroan 200.000 litro inguru sagardo egin dituzte 2015eko uztan, Nafarroako Sagardogileen Elkarteak jakitera eman duenez. Aurten %100 Nafarroako sagarrarekin egin dute eta kalitate handiko sagardoa izan dute, sagar ona izan baita, beste herrialdeetan bezala.

   Bizkaian 250.000 litro inguru sagardo egin dituzte, iaz baino gehiago. "Sagar asko eta ona" izan da Bizkaian eta gustura daude Bizkaiko Sagardogileen Elkartean emaitzarekin. %100 bertako sagarrez egin dute Bizkaian ere sagardoa.

   Araban 120.000 litro inguru egin dituzte, erdia sagardoa eta erdia muztioa, Arabako Sagarzaleen eta Sagardogileen Elkarteak jakitera eman duenez. Nabarmentzekoa urtez urte muztio produkzioa gora doala, eta geroz eta eskaera handiagoa dagoela.

EUSKO LABEL SAGARDOA

   Bestalde, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 30 sagardotegik egin dute Eusko Label sagardoa 2015eko uztan eta guztira miloi bat litro pasatxo egin dute. Poliki, baina gorantz doa Eusko Label sagardoa, bai litro aldetik eta baita sagardotegi kopuru aldetik ere. Bertako sagar hutsez egindako kalitateko produktua da Eusko Labela eta 2015ekoa azken urteetako uztarik onena datorrela azpimarratu dute bertako sagardogileek.

   Halaber, botilan ez ezik, 2015eko uzta sagardotegi desberdinetan dastatzeko aukera izango da Euskal Herrian, txotxean. Horrela, ohitura bihurtu dira txotx irekierak eta 2016an ere izango dira. Horrela, Sagardo Berriaren Eguna ospatuko da Astigarragan urtarrilaren 13an, Sagardoetxean eta Zelaia sagardotegian.

   Gainera, Arabako txotx denboraldiaren hasiera urtarrilaren 14an izango da, Trebiñu sagardotegian, Askartzan; Nafarroakoa urtarrilaren 15ean, Toki Alai sagardotegian, Lekunberrin; Hernanikoa urtarrilaren 16an; Bizkaikoa urtarrilaren 20an, Uxarte sagardotegian, Zornotzan; eta Goierrikoa urtarrilaren 22an, Urbitarte sagardotegian, Ataunen.