Euskal Herriko 22 taldek parte hartuko dute Umore Azoka Leioan

El Gran Rufus eta "Pink Impact"
UMORE AZOKA LEIOA
Actualizado: jueves, 11 mayo 2017 13:15

BILBO, 11 May. (EUROPA PRESS) -

Leioako Udalak antolatutako Umore Azoka Leioa kaleko artisten azokak 14 ikuskizun estreinatuko dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 20 konpainia izango ditu aurten. Horrez gain, Iparraldeko bi talde ere izango dira eta, ondorioz, aurtengo ediziorako aukeratutako konpainien ia erdia Euskal Herrikoak izango dira, antolatzaileek ostegun honetan prentsaurrekoan nabarmendu dutenez.

Maiatzaren 18tik 21era Leioan (Bizkaia) ospatuko den azokaren 18. edizioan euskal sektore profesionalak izango duen presentzia garrantzitsuak erakusten du "Umore Azoka Leioak bertako kulturaren sustapenarekin duen konpromisoa", Mari Carmen Urbieta Leioako alkateak Bilbon egindako agerraldian azpimarratu duen moduan. Ekitaldian Aitziber Atorrasagasti Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak ere hartu du parte.

"Leioan gure konpainien aldeko apustua egiten dugu, baina baita kalitatearen aldekoa ere eta, zorionez, talentu izugarria duen sektore profesional eta artistikoa dugu Euskadin", adierazi du Urbietak.

Atorrasagastik berretsi egin du ideia hori. Bere esanetan, "Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politika Sailaren helburu nagusietako bi gure sortzaileak babestea eta ahalik eta ikusgaitasun handiena izaten laguntzea dira". "22 euskal konpainiak hartuko dute parte, kalitatezko proposamenekin, publikoarengana heltzea bermatzen duen hitzordu honetan", gainreratu du.

Hain zuzen, XVIII. Umore Azoka Leioan parte hartuko duten EAEko 20 konpainiak hauek dira: Amaia Elizaran, Cía. Barré, Cía. Tornado, Compañía Eva Guerrero, Compañía Trotamundos, El Gran Rufus, El Mono Habitado, Ertza Dantza, Garazi & Cía., Haatik Dantza Konpainia, Hortzmuga Teatroa, Jaiotz Osa, Kukai Dantza & Brodas Bros, Lekittoko Deabruak, MDV Danza, Mugmus Laborategia, Shakti Olaizola, Teatro a la Boina, Trapu Zaharra, eta Turukutupá. Halaber, Iparraldeko Bilaka eta Tetes de Mûles taldeek ere parte hartuko dute.

Leioako eszenak ere lekua izango du azokako espazioan, eta, bigarren urtez jarraian, eskaintza orokorrari herriko konpainien emanaldiak gehitu zaizkio. Horrela, Tokiko Eszena programaren barruan, Leioako Musika Bandak "Sustraiak" kontzertua eskainiko du. Kontzertu horrekin bere 20. urteurrena ere ospatuko du.

"GORRIZ MARKATUTA"

Euskal konpainiek azokarekiko erakusten duten interesa agerian geratu da aurreikusitako estreinaldi kopuru handian, 14 ikuskizun lehen aldiz ikusi ahal izango baitira Leioan. Horrek argi eta garbi erakusten du Umore Azoka Leioaren hitzordua "gorriz markatuta" dagoela euskal konpainien agendetan, aurkezpenean nabarmendu dutenez.

Umore Azoka Leioan parte hartuko duten euskal konpainietako zenbait Bilbon egin den aurkezpen ekitaldian egon dira ostegun honetan. Bertan, El Gran Rufus artistak "Pink impact" ikuskizunaren zati bat eskaini du. Konpainia guztiek ikus-entzuleak eta agertokiak partekatuko dituzte Espainiako Estatutik eta beste herrialde batzuetatik heldutako beste 28 konpainiarekin. Guztira, 51 ikuskizun eta 150 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzten 50 konpainia izango dira azokan.

Aurtengo Umore Azoka Leioan parte hartuko duten konpainien harrera ofiziala maiatzaren 19an egingo da Mendibile jauregian, 14:30ean, eta Umore Azoka Leioa 2016ko sariak eta Umore Azoka 2017 Sari Berezia ere bertan banatuko dira.