Euskal Herriko 23 herritan ospatuko da Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna

Actualizado: domingo, 13 marzo 2011 12:37

BILBO, 13 Mar. (EUROPA PRESS) -

Urtero bezala, apirilaren 2an Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da aurten ere mundu osoan, eta Euskal Herriko 23 herrik bat egingo dute ospakizunarekin, Galtzagorri elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez.

Hans Christian Andersen-en jaiotzaren urteurrena delako egiten da egun horretan Haur Liburuaren Egunaren ospakizuna. Aurten, apirilaren 2a larunbata denez, Espainako Haur Liburuaren Erakundeak (OEPLIk) Estatuko beste Haur Literaturako Elkarteekin batera deialdia luzatu die liburutegi eta irakaskuntza zentroei apirilaren 1ean edo 2an egiteko Haur Liburuaren ospakizunerako ekintzak.

Guztira, Euskal Herriko 23 liburutegi eta irakaskuntza-zentrok eman diote atxikipena ospakizunari: 15ek Gipuzkoatik, bostek Bizkaitik eta hiruk Nafarroatik. Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzearekin bat hainbat ekintza antolatu dituzte, eta eguna bakarrik ez, zenbaitek astea ere ospatuko dute.

Atxikipena adierazi duten liburutegi zein eskoletako liburutegi eta irakaskuntza zentroek IBBYren Estoniako atalak prestatutako kartela eta mezua jasoko dute Espainiako Estatuko lau hizkuntza ofizialetara itzulita.

Euskal Herrian, Galtzagorrik egindako gonbidapenera 23 liburutegi eta eskola atxiki dira. Kontaketak, tailerrak, erakusketak, irakurketak, hitzaldiak, merkatu txikiak edo lehiaketak bezalakoak dira antolatu dituzten ekintzak.

Juri Mildeberg-ek ilustratutako kartela eta Aino Pervik idazleak idatzitako mezua dira aurten Haur Liburuaren Egunaren ospakizunera atxiki direnek jasoko dituztenak. Euskarazko mezua Paul Picadok itzuli du.