Euskal Herriko 30 erakundetako 80tik gora aditu Euskal Esperientziak Zientzia Zabalkundean 2018 topaketan

Etxenike eta Erkizia inaugaurazio saioan
EUSKAL ESPERIENTZIAK ZIENTZIA ZABALKUNDEAN
Actualizado 2018/06/14 11:53:36 CET

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Euskal Esperientziak Zientzia Zabalkundean 2018 topaketa hasi da ostegun honetan, Donostiako Carlos Santamaria Zentroan, eta zientziaren zabalkundean lan egiten duten Euskal Herriko 30 erakunde ezberdinetako 80 eragile baino gehiago bilduko ditu ostirala arte.

Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM, CSIC-EHU zentro mistoa) eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kultura Zientifikoko Katedra dira EHUko Uda Ikastaroen baitan egiten ari den biltzarraren antolatzaileak.

Jardunaldien helburu nagusia da zientzia zabaltzeko Euskal Herrian egiten diren ekimenen berri ematea, eta horretarako, gaiaz arduratzen diren eragileak elkartu dira. Horrela, zientziaren komunikazio eta dibulgazioan diharduten profesionalak (kazetariak zein erakundeetako dibulgatzaileak), STEM hezkuntza informaleko eragileak, ikertzaileak, ekintzaile zientziazaleak, zientzia irakasle eta ikasleak bi egunez elkartuko dira esperientziak partekatu eta eragileen arteko saretzea bultzatzeko.

Topaketa hasteko, DIPCeko presidente eta CFMeko kide eta lehen zuzendari Pedro Miguel Etxenikek eta EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde Agustin Erkiziak hartu dute hitza ostegun honetan. Antolatzaileek parte hartzaileen aniztasuna bilatu dute, "gurean egiten diren ekimenen irudi ahalik eta zabalena emateko asmoz".

Modu honetan, ordezkatuta egongo dira, besteak beste, unibertsitateak (EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea ), zientzia dibulgazioan esperientzia handia duten erakundeak (Elhuyar Fundazioa, Aranzadi Elkartea), puntako ikerkuntza zentroak (DIPC, CFM, CIC-Nanogune), museoak (Eureka! Zientzia Museoa, Iruñeako Planetariuma, Bergarako Laboratorium Museoa, BTEK), kazetariak (Berria, EiTB, Gaztezulo), enpresa pribatuak (Codesyntax) edota herrietan zientzia dibulgatzeko sortutako ekimenak (Zientziaren Giltzak Erakundea, Lemniskata, Zarautz On Elkartea).

BLOKEAK

Topaketa hainbat bloketan antolatu da. Alde batetik, hizlari adituek zientzia zabaltzeko ekimenak aurkeztuko dituzte, eta, bestetik, hedabideetako ordezkariekin gizartearen aurrean komunikabideek duten zeregina zein den aztertuko da. Gainera, antolatzaileek garrantzi handia eman nahi izan diote emakume zientzialarien ikusgaitasuna hobetzeari. "Gaur egun, ehunka emakume daude Euskal Herrian puntako ikerkuntza lanak
egiten eta erreferentzia dira beren sektoreetan", azpimarratu dute.

Bukatzeko, STEM hezkuntza informalak ere garrantzi berezia izango du egunotan. Izan ere, Euskal Herrian zientzia ikasteko egitasmo ugari garatzen ari dira, hezkuntza formalaz haratago doazenak.

Hitzaldiez gain, zenbait jarduera ere aurreikusi dira parte hartzea bultzatzeko. Horrela, flash komunikazioetan, proiektuak banaka aurkeztuko dira denbora oso laburrean; helburua da denbora gutxian hainbat egitasmo ezagutzea. Halaber, poster saioetan, bertaratuko den publiko zabalak bere proiektuak aurkezteko aukera izango du.

Gainera, ostegun honetan, EHUko Ilustrazio Zientifikoko Graduondoko ikasleek egin dituzten irudiekin osatutako erakusketa ireki da. Uztailaren 13ra arte zabalik egongo den erakusketan, ikasleek egin dituzten ilustrazio zientifikoak ezagutu ahal izango ditu bertaratzen den edonork.