"Euskal Herriko Lur Maitea" ikuskizuna Elizondora (Nafarroa) iritsiko da larunbatean

Ikuskizuneko musikari eta kantariak
ELKAR
Actualizado: jueves, 17 febrero 2011 17:48

BILBO, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Elkar diskoetxeak argitaratutako "Gu Gira" eta "Euskal Herriko Lur Maitea" bildumetako hainbat abesti eta abeslari zuzen-zuzenean entzuteko aukera izango da larunbatean Elizondoko (Nafarroa) Lur aretoan, "Euskal Herriko Lur Maitea" ikuskizun musikalean, Elkarreko iturriek jakinarazi dutenez.

Horrela, larunbatean Elizondora joaten direnek bertatik bertara gozatuko dute une gogoangarri eta ludiko hori, betiere, "musikak berezkoa duen indar iradokitzaileak lagunduta". Ekitaldian aurkeztuko diren abestien bidez, han izango diren abeslariek 1970eko hamarkadako Euskal Herriaren "ikuspegi atsegina, bizia eta erakargarria" eskainiko dute.

"Kantaldiaren bidez gure nortasunaren berpizkundearen historia gogoratu nahi da, ezkutuko musika-oroitzapenen bidez. Izan ere hor dago euskal kantagintza berriaren berezko ardatza, eta horren inguruan hezurmamituko dira hainbat eta hainbat emozio", azaldu dute.

Horrela ba, Gorka Knörr, Urko, Txomin Artola, Niko Etxart, Erramun Martikorena, Jean Mixel Bedaxagar eta Pantxoa eta Peio bezalako artisten kantuak zuzenean entzuteko aukera izango da Elizondon.