Euskal Herriko Trikitixa Eguna ekainaren 4an ospatuko da Iurretan eta Durangon

Trikitixa protagonista ekainaren 4an Iurretan eta Durangon
EUSKAL HERRIKO TRIKITIXA ELKARTEA
Actualizado: jueves, 19 mayo 2011 15:49

BILBO, 19 May. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Trikitixa Eguna Iurreta eta Durango herri bizkaitarretan ospatuko da datorren ekainaren 4an. Egunean zehar, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, Bizkaiko Trikitixa Elkartearen laguntzarekin, Jose Jabier Abasolo 'Tiliño' omenduko du, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Trikitixa sustatzea eta hedatzea da Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen helburu nagusietako bat, eta trikitilari eta trikitizale ugari biltzeaz gain, Euskal Herriko Trikitixa Egunak trikiti eta pandero ikasleei plazara ateratzeko zein harremanak sustatzeko "aukera paregabea" eskaintzen duela uste du. Bide batez, Jose Jabier Abasolo 'Tiliño'ri merezi duen omenaldia eskainiko zaio.

Iurreta eta Durango soinu eta pandero hotsez janztea da Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen helburua eta horretarako, egun osoko egitaraua prestatu du. Goizeko 11:00etan da biltzeko hitzordua, Iurretan. Eguerdiko 12:30etan, Tiliñori omenaldia egingo zaio Iurretako plazan. Ondoren kalejira izango da Iurretako eta Durangoko kaleetan.

Arratsaldeko 14:30etan bazkaria izango da Landakon, Durangon; bazkaldu nahi duenak maiatzaren 26a baino lehen erosi beharko du bazkari txartela (15 euro) e-mailez (trikitixa@trikitixa.net) edo telefonoz (943 83 28 28), egunean bertan ezingo baita bazaltzeko izenik eman. Azkenik, 17:30etan, erromeria izango da Gozategi taldearekin.