Euskal Herriko Unibertsitateak aldezlea aukeratu du lehenengo aldiz

Actualizado: jueves, 15 diciembre 2011 15:16

BILBO, 15 Dic. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Klaustroak Itziar Etxebarria irakaslea izendatu du aldezle kargurako eta, aldi berean, 2012-2017rako Plan Estrategikoa onartu du. Bizkaia Aretoan (Bilbon) gaur egin den Unibertsitate Klaustroaren aztergai nagusietako bat izan da UPV/EHUko lehengo aldezlea (unibertsitateko defendatzaile) aukeratzea. Etxebarriak aldeko 132 boto, 22 boto zuri eta 6 baliogabe jaso ditu.

UPV/EHUko iturriek adierazi dutenez, hautagaiak Gobernu Kontseiluaren gehiengo osoa lortu zuen, eta horrek bide eman zuen unibertsitateko ordezkaritza-organo gorenean izendapen hori jasotzeko proposatua izateko. Ekitaldian, Etxebarria irakasleak bere programaren azalpen labur bat egin du, eta ondoren, bozketa egin dute. Bost urterako hautatu dute, eta berriro hautatua izateko aukera izango du.

Aldezlearen erakundea burujabea eta inpartziala da, eta unibertsitate-jarduerarekin lotutako arazoak maila guztietan aurreikustea eta ebaztea du xede, besteak beste. Errektoreordearen antzeko estatusa edukiko du, eta kargu hori UPV/EHUn gutxienez hamar urtez lan egin duen edozein pertsonak hartu ahal izango du bere gain.

Aldezlearen kargua aurreikusita dago UPV/EHUko estatutu berrietan, eta haren ardura da unibertsitateko organoen eta zerbitzuen jardunean irakasleen, ikasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen eskubideak eta askatasunak errespetatzen direla bermatzea. UPV/EHUn gutxienez hamar urtez lan egin duen edonor izendatu daiteke aldezle gisa.

Itziar Etxebarria Bilbao Psikologia Fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta haien Garapena Saileko irakasle titularra da, eta 1981ean hasi zen irakaskuntza-lanetan UPV/EHUn. 30 urteotan, Etxebarria irakasleak saileko kontseiluetan eta ikastegiko eta campuseko batzarretan parte hartu duenez, unibertsitateko arazoak gertutik ezagutzeko aukera izan du. Irakasle eta ikertzaile gisa, alderdi pertsonalek eta familiarrek jokabide prosozial-altruistan eta portaera gizalegezkoan eta moralean duten eraginaren azterketan eta emozio moralen (enpatia, errua, lotsa eta harrotasun morala) analisian espezializatu da.

Aldezle berriak adierazi du kargua hartzeko proposamena ezusteko eta ohorea izan zela. "Gustatuko litzaidake unibertsitateko kide guztiei laguntza eskatzea aldezlearen erakundea guztiona egiteko eta beraien eskubideak beti zainduko dituen lekutzat hartzeko", esan du.

PLAN ESTRATEGIKOA

Bestalde, Unibertsitateko Klaustroak Plangintza Estrategikoaren Oinarriak ere onartu ditu. Oinarri horiek UPV/EHUk 2017ra arte egingo dituen ekintza garrantzitsuenak bideratuko dituzte. Dokumentua azaltzean, "Sustraiak bertan eta adarrak mundurantz. Eman ta zabal zazue" kontzeptua erabili du Iñaki Goirizelaia errektoreak.

Hortaz, UPV/EHU herrialdean sendo errotutako, baina aldi berean mundura irekitako erakunde bezala ulertzen da, nazioarteko mailako ikerketa egiten duena, kanpotik talentua erakartzeko gai dena eta gizarte erantzukizuna duena.

Hurrengo sei urteetan plana garatzeko bost ardatz estrategiko aukeratu dira: prestakuntza, ikerketa, gobernantza, kudeaketa eta gizarte-konpromisoa.

Bere hitzaldian Goirizelaiak adierazi duenez, "nazioarteko erreferentziazko unibertsitate ikertzailea izan nahi dugu, gure indarguneak sustatuz eta hobetu daitezkeen arloetan gure gaitasuna areagotuz". Halaber, unibertsitateak nazioarteko foroetan modu aktiboan parte hartzearen alde agertu da.

Azkenik, unibertsitateak euskal gizartearekin daukan konpromisoa aitortu du errektoreak. "Irizpideak barne hartzen jarraitu behar dugu gizarte-erantzukizunaren, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren, inklusioaren, ingurumen-konpromisoaren eta garapen iraunkorraren arloetan, eta, era berean, gizarte-elkarrizketak egiteko eta gogoetarako eta eztabaidarako topaketak egiteko guneak sortu behar ditugu", azaldu du.