Euskal Herriko Unibertsitateak bat egin du tuberkulosiaren aurkako Europako aliantzarekin

Marcelo Guerin irakaslea
EHU
Actualizado: martes, 15 marzo 2011 14:36

BILBO, 15 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak bat egin du tuberkulosiaren aurkako "Europako aliantza" delakoarekin, Biofisika Unitateak (IZGK-EHU), Marcelo Guerin irakasleak zuzendutako Glikobiologia Estrukturaleko Taldearen bitartez, tuberkulosiaren aurkako botika berriak aurkitzean oinarrituta dagoen eta Europar Batasunak (EB) finantzatu duen proiektu batean parte hartuko baitu: MM4TB More Medicines for Tuberculosis.

EHUko iturriek adierazi dutenez, HIESaren atzetik, tuberkulosia da mundu osoan heriotza gehien eragiten dituen infekzio-eragilea. Tuberkulosia osasun-arazo larria da, oraindik ere, mundu osoaa, eta urtean bi milioi pertsonaren heriotza dakar, gutxi gorabehera. Gainera, uste da munduko biztanle guztien herenak daudela infektatuta, eta bakterioaren ezkutuko formaren eramaileak direla.

Gaixotasunari aurre egiteko tratamendua oso prozesu geldoa eta neketsua da: gutxienez sei hilabetean bitik laura arteko botikak hartu behar dira, eta gaixoaren atxikidura, oro har, oso txikia izaten da. Duela gutxi, bakterioaren andui gogorren (MDR) eta estra-gogorren (XDR) kopuruak nabarmen gora egin duela ikusi dute, eta horrek ezinbestean dakar botika berriak aurkitu beharra.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), "Eten Tuberkulosia" programaren bitartez eta Tuberkulosia Geldiarazteko Munduko Plana bultzatzeko egindako lanaren bitartez, helburu handinahi bat ezarri du: 2015. urteari begira, gaixotasunaren prebalentzia eta heriotza-tasa erdira murriztea.

Europako MM4TB More Medicines for Tuberculosis proiektuak ere bat egin du ekimen horrekin, eta EHUko Biofisika Unitateak (IZGK-EHU) parte hartzen du bertan. Europako punta-puntako 20tik gora ikerketa-talde daude bilduta partzuergo horretan, besteak beste, Cambridgeko, Uppsalako eta Paviako unibertsitateak, Parisko Pasteur Institutua, La École Polytechnique Fédérale de Lausanne (hauxe da proiektua gidatzen duena) eta merkatuan nagusi diren AstraZeneca eta Sanofi-Aventis farmazia-konpainiak.

Proiektua joan den otsailean jarri zen martxan eta hasi zen bere jarduerak gauzatzen. Guztira 16 milioi euroko aurrekontua dauka eta Europar Batasuneko VII. Esparru Programak finantzatzen du.

BOTIKA BERRIAK

"Tuberkulosiari aurre egiteko botika berriak aurkitzen laguntzeko helburuarekin sortu da MM4TB. Partzuergoaren asmoa, zehatz-mehatz, farmakologiaren aldetik gutxienez bost itu berri baliozkotzea, eta bioteknologia- eta farmazia-konpainia elkartuei eramateko moduko botikentzako gutxienez familia hautagai bat aurkitzea da, konpainia horiek etorkizunean garatu ahal izateko", Marcelo Guerin Ikerbasqueko ikertzaile eta Felix Goñi irakasleak gidatzen duen Biofisika Unitatearen Glikobiologia Estrukturaleko Taldeko liderrak azaldu duenez.

MM4TBren inguruan bildu den taldeak diziplina anitzeko ikuspegi osotua erabiliko du, eta baita hiru alderdiko 'screening'-aren, medikuntza-kimikaren, genomika funtzionalaren eta biologia estrukturalaren estrategiak ere. Tekniken uztarketa honen bidez, irtenbide zehatzak bilatu nahi dira, honako hauei begira: botikentzako hautagai berriak aurkitzea, farmakologia baliozkotzea, itu berriak identifikatzea eta bakterioak eragindako infekzioak izan ohi dituen ekintza-mekanismo askotarikoak aztertzea.

"Mikobakterioen estaldura zelularrak egitura kimiko bakar eta konplexua dauka. Uste dute horixe dela arrazoi nagusia beste infekzio-prozesu batzuetan maiz erabiltzen diren antibiotiko ugarik tuberkulosiaren tratamenduan eraginik ez izateko. Biofisika Unitatean daukagun Glikobiologia Estrukturaleko Taldeak interes eta konpromiso handia dauka mikobakteriozko hormaren biosintesian eta erregulazioan parte hartzen duten proteinen mekanika- eta egitura-ezaugarriak ikertzeko eta ulertzeko. Horretarako, hainbat teknika uztartzen ditugu; hala nola, zelulen biologia, proteinen biokimika eta biofisika eta biologia estrukturala. Hemendik, proiektuari laguntzen ahalegintzen gara", adierazi du Guerin irakasleak.

Felix Goñi Biofisika Unitateko zuzendariaren iritziz, Ikerbasque Fundazioaren bitartez Guerin eurekin berriki lanean hasi izana "Biofisika Unitatea oraintxe bertan lantzen ari den Plan Estrategikoaren baitako erabakia izan da, ikerketa-talde berriak ezartzeko eta teknologia berriak garatzeko xedearekin; eta hori, jakina, erabat lotuta dago EHUren Parke Teknologikoan zentro honek izango dituen instalazio berrien eraikuntzarekin".

MM4TB, hain zuzen, VI. Esparru Programaren bitartez EBk finantzatutako NM4TB New Medicines for Tuberculosis partzuergo emankorraren jarraipena da. Guerin irakasleak dagoeneko parte hartu zuen orduko hartan. NB4TBk aurrerapauso handia eman zuen gaixotasun honen aurkako borrokan; izan ere, benzothiazinoen segida (BTZ) aurkitu zuen. Mikobakteriozko agente mota berri hori garapen aurre-klinikoaren fasean dago orain.