Euskal industria musikala Canneseko Midem azokan izango da, urtarrilaren 26tik 29ra

Actualizado: jueves, 24 enero 2013 14:26

BILBO, 24 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskal industria musikalak Canneseko (Frantzia) Midem azokan parte hartuko du beste behin, Eusko Jaurlaritzako Euskadiko Soinuak programaren bitartez. Azoka urtarrilaren 26tik 29ra burutuko da, eta sektoreko bederatzi euskal enpresa eta Euskal Herriko Diskoetxeen Elkartea izango dira bertan, Etxepare Euskal Institutuarekin batera.

Aurtengoa Midem azokaren 47. edizioa izango da, eta Euskadiko musika-industriak Euskadiko Soinuak programaren babespean parte hartuko du beste urte batez. Musikaren sektoreko profesionalentzako topagune izateaz gain, Midem azokaren ezaugarri nagusia musikaren teknologiaren eta komunikabideen etorkizunerako begirada da, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.

Euskadiko Soinuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzaturiko programarekin bat egingo du Etxepare Euskal Institutuak azoka honetan, eta bertan izateaz gain, azokara joango diren euskal musikaren industriako elkarte (Euskal Herriko Diskoetxeen Elkartea) eta bederatzi enpresentzat (Agorila, Gaztelupeko Hotsak, Aida Sound, Kepa and Aitor Producciones, Baga Biga, Practice Your Music, Distrolux S.L., Sonora Estudios, Errabal Jazz) laguntzak bideratuko ditu.