Euskal ipuingintza hizpide Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietan

Iazko jardunaldien parte hartzaileak
Foto: MINTZOLA
Actualizado: jueves, 29 octubre 2015 12:11

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

   Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak azaroaren 18an eta 25ean egingo dira Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eta euskal ipuingintza izango dute hizpide, "Idatzitik ahozkora: Euskal ipuingintza egungo liburuetan" izenburupean, bere arduradunek jakinarazi dutenez.

   Aurtengo Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien antolatzaileak Mintzola Fundazioa, Tolosako Udal Liburutegia eta Koldo Mitxelena Liburutegia dira, Galtzagorri Elkartearen, Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartearen (ALDEE) eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen (EIZIE) laguntzarekin.

   Jardualdien bigarren edizioa ere, Mintzola Fundazioaren Elkargunearen baitan, euskal ahozko sorkuntzen inguruan antolatu da. Aurten, zehazki, haurrentzako euskarazko ipuingintzaren argitalpenak aztertu eta ahozko kontaketarako baliabide bezala eskaintzen diren aukerak plazaratu nahi dira. Egun argitaratuta dauden haurrentzako liburuetan euskal tradiziozko ipuinek eta ipuin unibertsalek duten egoera aztertu nahi da, bereziki ahoz kontatzeko eskaintzen dituzten baliabideei erreparatuz.

   Itziar Rekalde, Pello Añorga eta Bego Alabazan ipuin kontalariek, Xabier Etxaniz, Manu Lopez eta Patxi Zubizarreta idazle eta haur literaturan adituek, eta Aines Dufau Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuko zuzendariak parte hartuko dute. Hitzaldi sorten ostean, mahai inguruarekin biribilduko dira bi saioak.

   Jardunaldiaren arduradunen esanetan, landuko diren gaiak eta gogoetak, udal liburutegietako nahiz eskola liburutegietako arduradunentzat interesgarriak izateaz gain, ipuin kontalari edo ipuingileentzat eta arlo honetan dabiltzan editore eta itzultzaileentzat ere baliagarriak izatea nahi da.

   Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren iaz. Euskal antzerkigintzaren dokumentazio beharren inguruan egin ziren lehen jardunaldiak, Koldo Mitxelena Kulturunean eta Subijana Etxean egindako saioekin.