Euskal Kostaldeko X. Eguberriko Azokak 20.000 bisitari baino gehiago bildu ditu Ficoban

Eguberriko Azokako egunetako bat
FICOBA
Actualizado: miércoles, 9 diciembre 2015 14:08

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

   Euskal Kostaldeko X. Eguberriko Azokak 20.200 bisitari bildu ditu Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokako hiru pabiloietan, abenduaren 5etik 8ra bitartean. Jardunaldi jendetsuena abenduaren 6koa izan zen, 7.000 bisitarirekin, eta horren ondoren, abenduaren 8koa, 5.500 bisitarirekin. Azokan 20.000 bisitari kopurua gainditu den laugarren edizioa da, eta, antolatzaileen arabera, "badirudi finkatu egin dela kopuru hau".

   "Oso pozik gaude etorri den jende kopuru ikaragarriarekin. Nolabaiteko prebentzioa genuen azken egunetan mugaren inguruan gertatzen ari diren trafiko arazoengatik, baina argi geratu da Euskal Kostaldeko Eguberriko Azokak publiko fidela daukala eta publiko horrek hamargarren urtemuga honetan ere parte hartu nahi izan duela", adierazi du Mónica Alday azokaren zuzendariak.

   Hamargarren edizioaren harira antolatu diren zozketa eta opari ugariak izan dira azokaren erakargarritasunetako bat: produktu sortak, Eguberri saskiak, 125 euroko txartelak eta asteazken honetan zozkatu den bi lagunentzako kruzeroa. Guztira, 35 opari baino gehiago banatu dira.

   Edizio honetan 148 erakusketari izan dira Euskal Kostaldeko Eguberrietako Azokan parte hartu dutenak, eta, aurreko urteetan bezala, asko izan dira Gipuzkoa, Bizkai eta Arabatik kanpo heldutakoak. "Balio erantsi bat da inguruan sortzen den eraginari dagokionez. Ostalaritza sektorean bakarrik, eta azokaren eraginez, 300 ostatu gau izan direla kalkulatzen da", azaldu du.

   Bestalde, Eguberriko PIN, PAN, PUN Ficobako Haur Parkearen edizio berriak abenduaren 22an zabalduko ditu ateak. 3 eta 13 urte bitarteko umeentzat pentsatutako ekitaldia da, eta, urtarrilaren 4ra arte gozatu ahalko dute une atsegin bat pasatzeko proposamenez Ficobako hiru pabiloietan.