Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere eskaintza turistikoa aurkeztuko du Sevatur turismo azokan, Donostian

Actualizado: miércoles, 16 marzo 2011 15:06

DONOSTIA, 16 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Kostaldeko Geoparkea Sevatur turismo azokan izango da aurten lehen aldiz. Aurtengo edizioa ostiraletik igandera bitartean burutuko da Donostiako Kursaal Jauregian, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere eskaintza turistikoa aurkeztuko du bertan zonaldeko turismo-jarduera dinamizatu eta sustatu asmoz.

Gipuzkoako stand-ean kokaturik, Deba, Mutriku eta Zumaiako udalek bultzaturiko proiektuak Geoparkearen inguruko erakargarritasunen berri emango die bisitariei. Horretarako, eskuorri informatibo berria aurkeztu eta banatuko da bisitari guztien artean, elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez.

Bestalde, haurrentzako Geologia Tailerra burutuko du Euskal Kostaldeko Geoparkeak larunbat eta igandean. Jarduera honi esker, jolasean, etxeko txikienek gure planetaren historian izan diren gertaera harrigarrienak ezagutzeko aukera izango dute. Larunbatean tailerra bi aldiz burutuko da, goizeko 11:30etatik aurrera eta arratsaldeko 17:00tik aurrera; igandean, berriz, goizeko 11:30etatik aurrera eskainiko da jarduera.

Sevatur guneak 7.000 metro karratuko azalera hartuko du eta, aurreikuspenen arabera, 18.000 bisitari inguru jasoko ditu aurten. Bisitariek Estatuko zein nazioarteko turismo, aisialdi eta kultura-eskaintzaren berri izateko aukera bikaina izango dute bertan.

Ohi bezala, bestelako jarduerak ere antolatu dituzte, hala nola haurrentzako eta helduentzako tailerrak, esperimentu erakusketak eta produktu gastronomikoen dastatzeak. Azoka ostiraletik igandera bitartean egongo da zabalik, goizeko 10:30etatik iluntzeko 20:30etara.