Euskal Kostaldeko Geoparkearen batzorde zientifikoak lehen bilera egin du, Deban

Geoparkearen batzorde zientifikoa
GEOPARKEA
Actualizado: viernes, 19 mayo 2017 14:44

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

Euskal Kostaldeko Unesco Geoparkearen batzorde zientifikoak lehen bilera egin du ostiral honetan, Europako Geoparkeen Astearen baitan antolatu diren ekitaldiei hasiera ematearekin batera, Debako Agirre jauregian (Gipuzkoa).

Bileran Geoparkearen plan estrategikoaren berri eman zaie batzordekideei eta batzordearen beraren garrantzia azpimarratu da. Horrela, batzorde zientifikoa "funtsezko bitartekoa" izango da Geoparkeari "eduki sendoa eta balio erantsia emateko" eta "interpretazio diskurtso osoa eta erakargarria sortzeko", bere arduradunek nabarmendu dutenez.

Debako alkate Pedro Bengoetxeak ongietorria egin die batzordeko kideei. Bileran Aitor Zulueta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak ere parte hartu du.

Geoparkearen batzorde zientifikoa jakintza arlo desberdinetan diharduten mundu osoko 29 adituk osatzen dute, Stanley Finney geologo entzutetsua buru dutela. Finney Kaliforniako Unibertsitateko irakaslea da eta IUGS erakundeko idazkari nagusia (International Union of Geological Sciences / Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuna).

GEO-TALKS

Bestalde, zientzialariek eta kultur sortzaileek bat egingo dute arratsalde honetan, 18:00etatik aurrera, Geo-Talks izeneko ekimen artistiko-zientifikoan Geoparkearen eskutik, Donostiako Olatu Talka jaialdiaren baitan. Ekitaldia Teknahik zientzia kalean zabaltzeko asmoz antolatu duen UrbanZientzia ekimenaren programazioaren barruan egingo da.

Saioak hamar minutuko hitzaldi zientifikoak hartuko ditu izen handiko sei adituren eskutik, denak Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kideak: Stanley Finney, Juan Carlos Gutierrez CSICeko paleontologoa (Ikerketa Zientifikoen Goi Batzordea), Estibaliz Apellaniz EHUko paleontologoa, Jon Zulaika Gipuzkoako Aldundiko biologoa, Arantza Aranburu EHUko geologo eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea eta Xabier Peñalver Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa.

Zientzialariekin batera, ekitaldian parte hartuko dute Inazio Tolosa eta Esti Curiel aktoreek, Ander Hormazuri eta Juanlu Blanco txalapartariek, Maialen Belarde bertsolariak, Beñat Fernandez musikariak eta Josu Maroto marrazkilariak. Inazio Tolosaren zuzendaritzapean, "ekitaldia osatuko dute sormena, bizitasuna eta freskotasuna gaineratuz".

Ekitaldia 18:00etan hasiko da, Donostiako Katalunia Plazan, eta 90 minutuko iraupena izango du, gutxi gorabehera. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izango da. Sarrera librea eta doakoa izango da aretoa bete arte.