Euskal Kultura eta Talentuaren I. Ziklo Europarra antolatu dute Bruselan Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Institutuak

Actualizado: miércoles, 2 marzo 2011 14:41

BILBO, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak eta Etxepare Institutuak, Bruselako Euskadiko ordezkaritzaren koordinaziopean eta Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu Izateko Hiri Hautagaitzarekin lankidetzan, Euskal Kultura eta Talentuaren I. Ziklo Europarra antolatu dute Bruselan, euskal kultura eta talentua sustatzeko asmoz, eta Belgikan kokatutako erakundeen partaidetzarekin.

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Guillermo Echeniqueren esanetan, "kanpoan gure figurak eta balioak sustatzearen aldeko Eusko Jaurlaritzaren apustua dugu ekimen hau. Eraldatzeko motorra eta bizikidetzaren sinonimoa dugu kultura, eta ziklo honek horrela erakusten du".

Bi hilabetez, Belgikako hiriburuak Euskal Kultura eta Talentuaren I. Ziklo Europarra hartuko du, eta aste honetan hasiko da zikloa Europako Parlamentuan erakusgai izango den "Donostia: herritarren energia olatuak" erakusketarekin, antolatzaileek adierazi dutenez.

Kultura-ekitaldi asko egingo dira esparru ezberdinetan, hala nola literatura, zinema, artea eta musikaren alorretan, euskal kultura eta talentua Belgikan zein Europar Batasunean ezagutarazteko xedez. Halaber, sektoreko erakunde eta profesionalen arteko lankidetza loturak sendotu nahi dira eta, era honetan, kultur eta sorkuntzaren industriaren lorreko jaialdietan finkatu.

Europan egingo den lehen ziklo hau Euskadik Bruselan ordezkaritza ofiziala kokatu zuenetik hona 25 urte bete direlako jarri da abian, eta Etxepare Institutuaren lehen jarduerekin dator bat.

PROGRAMAZIOA

Esan bezala, Euskal Kultura eta Talentuaren I. Ziklo Europarra "Donostia: herritarren energia olatuak" erakusketarekin hasi da. Otsailaren 28an inauguratu zen Europako Parlamentuan martxoaren 4era arte.

Hala ere, gaur egin da erakusketaren inaugurazio ofiziala, Europar Batasuneko diplomaziaren eta eskualdeen eta erakundeen ehun bat ordezkariren aurrean. Donostiako alkateak eta zinegotziek ere hartu dute parte, eta baita eurodiputatuek ere. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako arduradun nagusi eta Bruselako Euskadiren ordezkari Marta Marin ere han izan da.

Horrez gain, Bernardo Atxagak "Passaporta" literatura-jaialdian hartuko du parte, Europako literaturaren izen ospetsuekin batera. La Monnaie Antzokian egingo da martxoaren 27an.

"Ghost in Armour" erakusketak Euskadi, Alemania eta Galeseko artisten artean osatu da, eta industriaren eta artearen eraldaketa izango du ardatz. Europako Parlamentuan egingo da, martxoaren 28tik apirilaren 1era.

Halaber, Bruselako Film Laburren Jaialdian publikoari zabalik izango diren jardunaldi ezberdinak eratuko dira, euskal ikus-entzunezkoen sektorea ezagutarazteko xedez. Apirilaren 28tik maiatzaren 8ra arte ospatuko da jaialdia eta Euskal Filmotekaren lankidetza izango du. Gainera, Xarengek euskal folkaren kontzertua eskainiko du Bruselan maiatzaren 20an.