Euskal kultura kontsumitzea sustatzeko plan bat abiarazi dute

Aurkezpenean izan diren ordezkariak
Foto: EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: lunes, 23 febrero 2015 16:59
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herrian ekoizten den kulturaren agerikotasuna, erakargarritasuna eta kontsumoa sustatzea helburu duen plan bat aurkeztu dute astelehen honetan Bilbon. Eusko Jaurlaritza, EiTB eta kulturako profesionalak dira egitasmoaren sustatzaileak.

   Planaren aurkezpenean izan dira Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburtua, Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, Edurne Ormazabal kazetari eta EiTBko ordezkaria eta ekimenean parte hartzen duten elkarte profesionaletako ordezkariak, hala nola Alberto Bocos (Kultura Live), Andres Fernandez (Liburu Denda Elkarteen Federazioa), Amaia Ibañez (Eskena) eta Alfonso Benegas (Euskadiko Zine Aretoen Elkartea).

   Elkarte hauek dira, nor bere sektorean, publikoarengandik hurbilen lanean ari direnak, kontzertu aretoak, liburu dendak eta zinema aretoak hartzen dituzte. Antzerkiaren kasuan, berriz, Eskenarekin da elkarlana, antzerki ekoizleen elkartearekin. Horiek dira, azken finean, kultur produktua kontsumitzailearen esku ipintzen dutenak, hori baita xedea, alegia, euskal kultur ekoizpenei merkatura eta publikoarengana iristen laguntzea.

   Aurkezpenean azaldu dutenez, duela bi hilabete baino gehiago abiarazi zen proiektuak EiTBren bidezko komunikazio kanpaina batean du oinarria, baina horri, pizgarri ekonomikoa duten unean uneko zenbait ekintza gehitzen zaizkio.

   Horrela, "EiTB Kultura Flash" EiTBn euskal kultur ekoizpena aurkezten duten iragarkiak dira, ETB1en eta ETB2n, audientziarik handieneko ordutegian. Ez dira kulturaren aldeko mezu orokorrak, kultur lan edo produktu jakin batzuen iragarkiak baizik. Plan honekin, eta Jaurlaritzak EiTBrekin lotu dituen akordioen bidez, musika kontzertuek, antzerki emanaldiek, literatura argitalpen berriek, eta zinema estreinaldiek leku nabarmena dute EiTBren programazioan.

   Sektore elkarteek eurek aukeratzen dute tarte horietan erakutsi beharreko produktuak zeintzuk diren. Esperientzia hau aurki zabalduko da EiTB taldeko irratietara ere. Iragarkiak astero berritu egiten dira, eta horrek, elkarte profesionalen eta EiTBren arteko "koordinazio lan handia" eskatzen du, eta beraz, "proiektua eraginkorra da kultur eragileen eta telebista publikoaren arteko harreman hobea ezartzeko ere".

   "Kultura Flash" atalean iragarri beharreko produktuen aukeraketa kultur eragileen euren ardura da. Proiektu honekin, euskal publikoarenganaino iristeko bitarteko bat dute, telebista, euren baliabide ekonomikoekin iristen zaila egin izan zaien hedabidea. Gainera, telebista publikoan kultur informazioaren ardura duten profesionalekin harremanean egoteko komunikazio bide bat ere irekitzen zaie.

FUNTSA

   Horrez gain, Jaurlaritzak elkarte profesional hauetako bakoitzaren esku funts bat ere ipintzen du, deskontuak eta promozio ekonomikoak gauzatu ahal izateko. Sektorearen berezitasunak aintzat hartuta, elkarte profesionalek eurek erabakiko dute deskontuak, edo bezeroak erakarri nahiz leialtzeko kanpainak, noiz eta nola gauzatu.

   Horretarako, 2015ean 200.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak "EiTB Kultura Flash" tarteak ekoitzi, diseinatu eta emititzeko. Kopuru horri, ekimenean parte hartzen duen sektore bakoitzera bideratuko diren 50.000 euroak gehitu behar zaizkie.

   Bestalde, musika zuzenean eskaintzen duten aretoek "Bihar Kontzertura!!" kanpaina abiarazi dute azken hilabeteetan, Kultura Live elkarteko koordinatzaile Alberto Bocosek azaldu duenez.

   Halaber, sortu berria den Euskadiko Zine Aretoen Elkartea (EZAE) elkartearen izenean, berriz, Alfonso Benegasek "Zinema Txartela" ekimena aurkeztu du: filmak deskontuekin ikusteko bonua, "ikuslearen leialtasuna helburu duena". Bost film ikusteko aukera emango du txartelak, Europako ekoizpenak edo euskarara itzulitako edozein film.

   Gainera, Liburu Denden Federazioak Euskadin sortutako euskal literaturaren promozioaren aldeko apustua egiten du, euskaraz nahiz gaztelaniaz, Andres Fernandezek azaldu duenez, eta Eskenak, azkenik, publiko berria antzokietara erakartzeko proiektu bat garatu du, aurrerantzean garatuko dituzten formulen bidez.

ABIAN

   Proiektua ez da orain abiatzen, eta dagoeneko errealitatea da, abenduan jarri baitzen martxan. Jaurlaritzak probarako epe bat proposatu zien orduan sektoreei: kultur iragarkien bidezko komunikazioa eta unean uneko promozioak uztartzen dituen elkarlan honen funtzionamendua, eraginkortasuna eta eredua bera testatu ahal izateko epe bat.

   Elkarlanean oinarritutako proiektua izanik, kudeaketa luzea behar izan du, parte hartzaile guztien arteko koordinazio handiarekin. Kulturako sektoreek aparteko protagonismoa dute egitasmo honetan, eta euren markak eta euren eskaintzak dira publikoarenganaino iritsi beharrekoak. "Horregatik kanpaina honek ez du izen propiorik", adierazi dute.

   Sektoreen balorazio positiboa ikusirik, Eusko Jaurlaritzaren eta EiTBren arteko akordio berria lortu da, proiektua urte guztira zabaltzeko. Komunikazioa, iragarkiak emititzea, urte guztian zehar egingo da. Kanpainak berriz, aldikakoak izango dira, sektoreekin adostuak, arlo publiko eta pribatuen arteko lankidetzan.

   Horrela ba, planaren balioak hiru arlotan laburbildu daitezke. Alde batetik, lankidetza proiektu bat da. Eusko Jaurlaritza kultur sektoreekin eta EiTBrekin ari da lanean, baina kulturako profesionalak dira proiektua definitzen eta kudeatzen dutenak. Jaurlaritzak bitartekoak ipintzen ditu EiTB eta kultur eragile profesionalen arteko harreman egonkor eta dinamikoa gauzatzeko.

   Proiektu "iraunkorra" da, ez da unekoa, eta hurrengo urteetan ere jarraitzeko asmoekin sortutako ekimena da. Azkenik, proiektu "bizia" da. Lehen pausoak duela hiru hilabete egin zituen proiektuak, eta elkarlanak "berarekin dakar guztiok ikasten dugula besteengandik, eragile pribatuek eta erakundeek, markatutako helburuak lortzeko bidean". Urtean zehar ideia berriak planteatu eta aztertuko dira, formula berriak, profesionalekiko adostasuna oinarri izanda beti ere.