Euskal Merkataritzaren 13. Topaketak 100 prestatzaile eta 300 merkatari bilduko ditu Donostian astearte eta asteazkenean

Euskal merkataritzak hitzordua du Donostian
Europa Press
Actualizado: lunes, 7 noviembre 2011 11:35

DONOSTIA, 7 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ganberek Euskal Merkataritzaren 13. Topaketa egingo dute asteartean eta asteazkenean, azaroaren 8an eta 9an, "Dale la vuelta a tu comercio/Irauli merkataritza" goiburuarekin, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Teknologiaren Astea dela eta. Jardunaldiak Donostian izango dira, Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren egoitzan, eta 100 prestatzaile eta 300 merkatari baino gehiago bilduko dituzte.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "aldaketaren garaia da, baita arrakastaz aurrera egiteko aukeren garaia ere". Horrela, bilkura profesional honen bidez eta, bereziki, azaroaren 8ko jardunaldiaren bidez, Euskadiko merkatariei erronka berrien eta nazioarteko merkataritzan ongi funtzionatzen ari diren arrakasta-konponbideen berri eman nahi zaie.

"Errealitate sozioekonomikoa, ingurunea, eskaintzaren formatuak, eskariaren premiak eta itxaropenak biziki azkar aldatu dira eta bide horri eutsiko diote. Hori dela eta, biltzarrean, eredu arrakastatsuak aurkeztuko dira, jarraitu beharreko ildoak eta sektorearen aldaketa-joerak adieraziz, eta joera berrien ondorioz euskal merkataritzan sor daitezkeen aukera errealak ere agertuko dituzte", azaldu dute.

Jardunaldira 300 lagun bertaratzea dago aurreikusia, eta hiru bloke tematiko aztertuko dira, elkarren osagarriak aldaketa-egoeren aurrean, eta hiru helburu bereizi dituztenak. Horrela, lehenengo blokean, aldaketaren oztopoak eta horiek nola gainditu aztertuko da. Helburu nagusia da enpresaburuari ohartaraztea aldatzeko premia duela, aldaketaren aurreko ziurgabetasunak eragiten duen bertigoa gainditzen lagunduz; izan ere, erronka berrien aurrean sortzen den beldurra kudeatzen jakinez gero, "enpresaburua indartsuagoa izango da eta aukeren aurrean segurtasun handiagoa izango du".

Bigarren blokean, aldaketaren orientabidea aztertuko da: merkatuak eskaintzen dituen aukerak eta arrakastaren joerak norantz bideratzen diren. Azkenik, azaroaren 8ko arratsaldeko saioan, biltzarraren helburua izango da merkataria fidelizazioaren garrantziaz konturaraztea, bezeroarekin lotura emozionalak eta zerbitzu-loturak sortzen baititu eta etorkizunean ere erosketak bertan egitera bultzatzen baitu.

Lan-saio guztiak doan izango dira eta nazioartean ospe handia duten hizlariek parte hartuko dute, besteak beste, Pilar Jericok, Manager Forum Speaker 2009 saria jaso duenak eta aitzindaria talentuaren azterketan eta enpresa-garapenean aldaketarekiko beldurraren inpaktuan. Gainera, profesional ezagun asko izango dira, hala nola Javier Rovira, Sashka Krtolika, Manuel Hormigó, Noelia Oliver eta Juan Carlos Alcaide.

Topaketaren bigarren eguna, azaroaren 9a, merkataritzako prestatzaile eta solaskideei zuzendutakoa izango da, eta ehundik gora prestatzaile eta solaskide bertaratuko dira, aurreikuspenen arabera.

TAILERRAK

Horrez gain, Euskal Merkataritzaren 13. Biltzarra osatzeko, prestakuntza espezializatuko 40 tailer baino gehiago antolatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru lurralde historikoetan.

Landuko diren edukien artean daude "Merchandising Sentsoriala, harritu barru-barrutik"; "Packaging"; "Komunikabide sozialen estrategia fidelizatzeko tresnatzat"; "Bezeroa erakartzea komunikazioaren bitartez"; "Erakusleihoa, zure laguna".

Antolatzaileek "Paseotxo bat munduan zehar" izeneko tailerra nabarmendu dute. EAEko Merkataritza Ganberek eta Eusko Jaurlaritzak azken urteetan burutu dituzten merkataritza-misioetan identifikatutako esperientziak aurkeztuko dira berrtan, bai eta merkataritza-sektoreari dagozkion munduko joera nagusiak ere.

Tailerren bitartez, merkataritzako enpresaburu gehiagok ezagutuko dituzte egokitzeko tresnak eta joerak eta, hartara, lehiakortasuna hobetzen jarraitzeko jakintzak eskuratu ahal izango dituzte. Euskal Merkataritzaren 13. Topaketaren antolakuntzak Ikusmerren, Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoaren eta Tecnaliaren lankidetza izan du.