Euskal poesiari buruzko "Zurgai" aldizkariaren zenbaki berria aurkeztuko da asteazkenean Bilbon

Actualizado: martes, 12 febrero 2013 11:55

BILBO, 12 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal poesiari buruzko "Zurgai" aldizkariaren zenbaki berriaren aurkezpena egingo da asteazken honetan, otsailaren 13an, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntza duen aurkezpena Pablo Gonzalez Langarika aldizkariaren zuzendariak egingo du, eta Blanca Sarasua eta Miren Agur Meabe poetak eta Jose Ramon Zabala literatur kritikaria izango ditu ondoan.

1970eko hamarkadan sortutako aldizkariak etapa berriari ekin zion 1989an, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Orain arte 25 zenbaki argitaratu dira, gehienetan, poesiaren edo literaturaren alorrean ekarpen bikainak egin dituzten monografikoak, hala nola euren alorretan ezinbesteko erreferente diren Blas de Oterori, Jose A. Goytisolori, Jose Angel Valenteri edo Postismori eskainitako zenbakiak.

Joan den abenduan argitaratu zen azken zenbakia euskal poetei eskainita egon zen beren beregi, eta, beste batzuren artean, Jorge Gonzalez Aranguren, Karmelo Iribarre, Maraa Feli Maizcurrena, Harkaitz Cano, Angel Erro, Blanca Sarasua eta Miren Agur Meabe poeten olerkiak jaso zituen.

Une honetan, "Zurgai" aldizkariaren erredakzio kontseilua Rafael Martinezek, Jose Fernandez de la Sotak, Seve Callejak, Mikel Estankonkak eta Eduardo Rodrigalvarezek osatzen dute.