Euskal Sagardoa jatorri deiturako sagardoak %100 bertako sagarrarekin eginak izango dira

Euskal Sagardoa jatorri deitura berria aurkeztu dute
EUSKAL SAGARDOA
Actualizado: lunes, 9 enero 2017 14:25

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Euskal Sagardoa jatorri deituraren marka irudi berria aurkeztu dute astelehen honetan, urtarrilaren 9an, Donostiako Kursaal jauregian ekitaldian, sektoreko eta erakundeetako arduradunek. Jatorri deitura berriko sagardoak %100 bertako sagarrarekin eginak egongo dira eta irudiak sagarra, egurra, lurra eta kirikoketa uztartu ditu.

Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri deituraren koordinatzailea, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikaren sailburuordea, Eduardo Aguinaco Arabako Aldundiko Nekazaritza diputatua, Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka diputatua eta Lucia Isla Bizkaiko Aldundiko Nekazaritza zuzendaria egon dira ekitaldian. Halaber, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagargileek eta sagardogile elkarte guztietako ordezkariek parte hartu dute.

Jatorri deitura "urte askotako lanaren emaitza" eta "etorkizuneko apustua" dela nabarmendu dute sustatzaileek, eta marka irudi berriaren sorrerak "aurrerapauso handia" suposatzen duela. "Sektore eta erakundeen batasuna da gehien azpimarratu beharrekoa, eta aurkezpen hau mugarri garrantzitsua da proiektuarekin aurrera egiteko", adierazi du Orozek.

Eusko Label sagardoaren bideari lekukoa hartzen dio jatorri deiturak, "eta beste sagardotegi ugari ere batu dira bertan euren ekarpenak eginda", Agirrek zehaztu duenez. Izan ere, "sektorearen apustu bateratua" da jatorri deitura, Euskadiko sagar eta sagardo sektoreko elkarte guztiek babestu eta bultzatu dutena.

Euskal Sagardoa zigilua eramango duten sagardoek bi ezaugarri nagusi izango dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak egongo dira eta kalitate bermea izango dute. "Dagoeneko kupeletan daude jatorri deiturara bideratutako sagardoak eta izendapenaren zigilua duten lehen botilak udaberrian merkatuan egotea aurreikusten da", adierazi du Agirrek. Guztira, jatorri deiturara bideratuta 1.320.000 litro sagardo egin dira, "Euskadiko produkzioaren %12 inguru".

GORENA

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagar eta sagardogileen elkarte guztiak eta Jaurlaritza elkarrekin ari dira sagardoaren sektorea sustatzeko lanean, eta horren emaitza da Euskal Sagardoa jatorri deitura berria, baina ez da sektoreak eta erakundeek aurkeztu duten kalitatezko marka publiko bakarra, Gorenak marka publiko egin baitute eta aurrerantzean Hazi fundazioak kudeatuko du. "Gaur hasi da Gorenak markaren irekiera eta ikusiko dugu zenbat sagardogilek egiten duten markarekin bat", esan du Orozek.

Hemendik aurrera, beraz, kalitate bermea izango duten bi zigilu publiko eta ofizial egongo dira merkatuan. Alde batetik, Euskal Sagardoa jatorri deiturak bertako sagarra bakarrik erabiliz egindako eta kalitate bermea duen sagardoa bilduko du. Eusko Label sagardoaren lekukoa hartuko du, Kontseilu Arautzaileak kudeatuko du eta bertan sagargile eta sagardogile sektoreak eta administrazioek izango dute ordezkaritza.

Beste alde batetik, Gorenak markak han-hemengo sagarrak erabiliz bertan egina eta kalitate bermea duen sagardoa bilduko du. Lehen dozena inguru sagardotegik erabili zezaketena, orain publikoa izango da, hau da, baldintzak betetzen dituzten sagardogile guztiek baliatu ahal izango dute. Hazi Fundazioak kudeatuko du marka, sektorearekin elkarlanean.